07-01-2025 Martes, semana - navidad
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 25-12-2024
Miércoles
Beste egun batzuk
Navidad, I
Evangelio y Lecturas de 25-12-2024

IRAKURGAIA 1

Lurbiraren bazter guztiek ikusiko dabe gure Jainkoaren salbamena.

Isaias Profetearen liburutik
Is 52, 7-10

Bai ederrak dirala mendi gainetan
albistariaren oinak!
Bakea iragarten dau,
zorionaren barri ona emoten
eta salbamena iragarten!
Sioni dinotso:
«Zure Jainkoa errege da»
Entzun zure zaintzaileen oihua!
Oihuka dihardue,
poz-irrintzika, guztiek batera;
euren begiz ikusten dabe-eta
Jauna Sionera bihurtzen.
Ekin poz-oihuka guztiok batera,
Jerusalemeko horma jausiok;
Jaunak bere herria kontsolatu dau-eta,
eta askatu dau Jerusalem.
Herri guztien aurrean erakutsi dau Jaunak
bere beso santuaren indarra,
eta munduko bazter guztiek ikusiko dabe
gure Jainkoaren salbamena.

IRAKURGAIA 2

Jainkoak Semearen bidez berba egin deusku.

Hebrearrei egindako gutunetik
Heb 1, 1-6

Askotan eta era askotara berba egin eutsen antzina Jainkoak Profeten bidez gure asabei; azkenak diran egun honeetan, barriz, bere Semearen bidez berba egin deusku. Seme hau egin eban gauza guztien oinordeko, egin ere Beraren bidez egin eban-eta mundua.
Bera da Jainkoaren aintzaren disdira eta haren izatearen irudia. Berak eusten deutse gauza guztiei bere berba indartsuaz. Eta, pekatuen garbikuntza egin ondoren, Jainko handiaren eskumaldean jesarri zan zeru-goienetan, aingeruak baino gorago jarria, ondaretzat jaso eban izena ere hareena baino goragokoa dan ezkero.
Izan ere, zein aingeruri esan deutso inoiz:
«Nire Seme zara Zu;
Neuk zaitut gaur sortu»?
Eta beste behin:
«Aita izango nau Harek Ni
eta Seme izango dot Nik Ha»?
Bere Lehen-semea barriro munduan sartuazotean, dino:
«Gurtu begie Bera Jainkoaren aingeru guztiek».

SALMOA

Sal 97, 1. 2-3ab. 3cd-4. 5-6

R/. Ikusi dabe lur-muga danak gure Jainkoagandiko garaipena.

Kanta Jaunari kantu barri,
egin ditu-eta hainbat harrigarri.
Bere eskuinak emon deutso garaipena,
bere beso santuak. R/.

Ezagutuazo dau Jaunak Beragandiko garaipena,
agertu dau atzerrien aurrean bere zuzentasuna.
Oroitu da bere maitasunaz,
Israel etxeari deutsan leialtasunaz. R/.

Ikusi dabe lur-muga danek
gure Jainkoagandiko garaipena.
Lur osoa, egiozu txalo Jaunari,
egin oihu eta irrintzi, egin eresi. R/.

Eresi Jaunari kitararekin,
kitara eta salterio ozenarekin;
turuta eta adar hotsean,
egin txalo errege dan Jaunaren aurrean. R/.

EBANJELIOA

Berbea haragi egin zan, eta gure artean jarri eban bizilekua.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 1, 1-18

Hasieran bazan Berbea,
eta Berbea Jainkoagaz zan,
eta Jainkoa zan berbea.
Berbea hasieran Jainkoagaz zan.
Gauza guztiak beraren bidez eginak dira,
eta egindakorik ezer ez da Ha barik egin.
Berbeagan zan bizia,
eta bizia gizakien argia zan;
argiak ilunpetan argi egiten dau,
baina ilunpeek ez eben onartu.
[Agertu zan gizon bat, Jainkoak bialdua: Joan eban izena. Autormenerako etorria zan: argiaren autormena egitera, haren bidez guztiek sinestu egien. Bera ez zan argia, argiaren autormena egin behar ebana baino.]
Berbea zan egiazko argia,
mundura etorriz gizaki guztiak argitzen dituana.
Munduan egoan
eta mundua haren bidez egina dan arren,
munduak ez eban ezagutu.
Bereakana etorri zan,
eta bereek ez eben onartu.
Onartu eben guztiei, barriz,
haren izenean sinesten dabenei, hain zuzen ere,
Jainkoaren seme-alaba izateko ahalmena emon eutsen.
Honeek ez dira giza odoletik sortu,
ez eta giza nahieratik ere,
Jainkoagandik baino.
Eta Berbea gizon egin zan,
eta gure artean jarri eban bizilekua,
eta ikusi dogu haren aintza,
Aitagandik graziaz eta egiaz betea
datorren Seme bakarrari jagokon aintza.
[Joanek Haretaz egin eban autormen, oihuka esanez: «Hau zan nik esan neban Ha: Nire ondoren datorrena nire aurretik jarri da, ni baino lehenagokoa zan-eta».
Eta haren betearen betetik guztiok hartu dogu, grazia graziaren gain hartu ere. Legea Moisesen bidez emon zan; grazia eta egia, barriz, Jesu Kristoren bidez etorri dira. Jainkoa ez dau inork inoiz ikusi; Aitaren altzoan dagoan eta Jainko dan Seme bakarrak emon deusku haren barri.]