05-07-2024 Viernes, XIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 26-02-2023
Domingo
Beste egun batzuk
Cuaresma, I
Evangelio y Lecturas de 26-02-2023

IRAKURGAIA 1

Lehen gurasoen sortzea eta hareen pekatua

Hasiera liburutik
Has 2, 7-9; 3, 1-7

Jainko Jaunak gizona moldatu eban lurreko hautsez eta bizi-arnasa bota eutsan sudur-zuloetara, eta gizona bizidun egin zan.
Gero, Jainko Jaunak baratzea landatu eban Edenen, sortalderantz, eta han ipini eban Berak moldatutako gizona. Jainko Jaunak mota guztietako zuhaitzak sortu ebazan lurretik, begientzat eder eta ahoarentzat gozo, eta baratzearen erdian biziaren zuhaitza eta onaren eta gaizkiaren ezagutza emoten eban zuhaitza landatu ebazan.
Sugea zan Jainko Jaunak egindako piztietan maltzurrena. Sugeak esan eutsan emakumeari: «Galazo egin deutsue, beraz, Jainkoak baratzeko arbola guztietako frutuetatik jatea?»
Emakumeak erantzun eutsan: «Baratzeko zuhaitzen frutuetatik jan daikegu; baratze erdian dagoan zuhaitzaz bakarrik esan deusku Jainkoak: “Horretatik ez jan, ezta ikutu ere hori, hil gura ez badozue”».
Sugeak esan eutsan emakumeari: «Ez zaree hilgo, ez! Ondo daki Jainkoak, horretatik jan orduko, begiak edegiko jatzuezala eta Bera lakoak izango zareela, onaren eta gaizkiaren ezagutzaren jabe».
Emakumeak, zuhaitza jateko gozoa eta begientzat ederra eta ezaguerea jaristeko ona zala ikusirik, haren frutuetako bat hartu eta jan egin eban; gero, senarrari emon eutsan eta harek ere jan egin eban. Orduan begiak edegi jakeezan eta narru gorri egozala ohartu ziran. Piku-orri batzuk josi eta estalki bana egin eben.

IRAKURGAIA 2

Pekatua ugaritu bazan,askoz ugariago zabaldu zan grazia.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik
Erm 5, 12-19

Senideok: Gizon baten bidez sartu zan pekatua mundura, eta pekatuaren bidez heriotzea; holan, heriotzea gizaki guztiakana zabaldu zan, guztiek egin ebelako pekatu. [Egia da legea baino lehen bazala pekatua munduan; baina pekatua ez jako inori ezartzen, legerik ez badago. Halan ere, Adamengandik Moisesenganaino nagusi izan zan heriotzea gizakien gain, baita Adamen hutsegitearen antzeko pekaturik egin ez ebenen gain ere. Adam etortekoa zanaren irudia da.
Baina Jainkoaren dohaiagaz ez da pekatuagaz lez jazoten. Izan ere, gizon bakar baten pekatuaz guztiak hil badira, askoz ugariago zabaldu dira guztientzat Jainkoaren grazia eta dohaia, beste gizon bakar bati esker, hau da, Jesu Kristori esker. Eta ondorioei jagokenez ere, Jainkoaren dohaiagaz ez da gizon bakarraren pekatuagaz lez jazoten. Izan ere, pekatuak, bakarra izan arren, guztien gaitzespena izan dau ondorio; graziak, barriz, pekatuak asko izan arren, guztien parkamena.]
Gizon bakarraren pekatuagaitik heriotzea nagusitu bazan, zenbatez gehiago ez ete dira bakar bategaitik, Jesu Kristogaitik, nagusi izango betiko bizitzan salbamenaren grazia eta dohai oparoa hartzen dabenak!
Beraz, baten pekatuak gizaki guztiei gaitzespena ekarri eutsen lez, baten leialtasunak gizaki guztiei salbazinoa eta bizia ekarten deutsez. Eta baten obedientzi ezagaitik guztiak pekatari egin ziran lez, baten obedientziagaitik guztiak zuzen izango dira.

SALMOA

Sal 50,3-4.5-6ab.12-13.14 eta 17

R/. Erruki, Jauna, pekatu egin dogu-eta.

Erruki zakidaz, Jainko, zure maitasun handiaz,
kendu egizu nire errua zure amaibako errukiaz.
Garbitu nagizu zeharo nire hobenetik,
garbitu nire gaiztakeriatik. R/.

Nire bihurrikeria ezagutzen dot,
nire hobena beti begien aurrean daukot.
Zeuri egin deutsut pekatu, Zeuri bakarrik,
zure begietan oker dana egin dot nik. R/.

Bihotz garbi bat, Jainko, sortu egizu nigan,
arnasa bizkorra barritu egizu nire barruan.
Ez nagizu urrundu zeure aurretik,
zure arnasa santua ez kendu niri. R/.

Zure salbamenaren poza bihurtu egidazu,
zure arnasa zabalez sendotu nagizu.
Edegiko deustazuz ezpanok, Jauna,
eta nire ahoak iragarriko dau zure gorespena. R/.

EBANJELIOA

Jesusek barau egiten dau berrogei egunez, eta tentaldiak jasaten ditu.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 4, 1-11

Aldi haretan, Espirituak basamortura eroan eban Jesus, deabruak tentatu egian. Berrogei egun eta berrogei gau baraurik egon ondoren, azkenean gosetu egin zan.
Hurreratu jakon tentatzailea eta esan eutsan: «Jainkoaren Seme baldin bazara, esaizu harri honeek ogi bihurtu daitezala».
Jesusek erantzun eutsan:
«Liburu Santuan idatzirik dago: "Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi, Jainkoaren ahotik urteten dauan berba guztitik baino"».
Orduan, deabruak uri santura, Jerusalemera, eroan eban eta tenpluaren goreneko ertzean ipinirik, esan eutsan: «Jainkoaren Seme baldin bazara, bota egizu zeure burua goitik behera, idatzirik dago-eta: "Bere aingeruei agindu deutse zu zaintzeko", eta "eskuetan eroango zaitue, harriekin estropezu egin ez dagizun"».
Jesusek erantzun eutsan:
«Beste hau ere idatzirik dago: "Ez tentatu Jauna, zeure Jainkoa"».
Orduan, deabruak mendi handi batera eroan eban eta, munduko erreinu guztiak eta hareen edertasuna erakutsiz, esan eutsan: «Guzti hori emongo deutsut, ahuspez gurtzen banozu».
Orduan Jesusek esan eutsan:
«Alde hemendik, Satanas! Idatzirik dago-eta: "Jauna, zeure Jainkoa, gurtuko dozu, eta Ha bakarrik zerbiduko"».
Orduan, deabruak itzi egin eban, eta aingeruak hurreratu jakozan zerbitzera.