25-04-2024 Marcos evangelista
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 26-03-2023
Domingo
Beste egun batzuk
Cuaresma, V
Evangelio y Lecturas de 26-03-2023

IRAKURGAIA 1

Neure espiritua ezarriko dot zuengan, eta bizibarrituko zaree.

Ezekiel Profetearen liburutik
Ez 37, 12-14

Honan berba egiten dau Jaunak: «Neuk edegiko ditut zuen hilobiak, atarazoko zaituet zuen hilobietatik, nire herri, eta Israelgo lurraldera eroango.
Eta zuen hilobiak edegi eta horreetatik atarazoko zaituedanean, nire herri, orduan jakingo dozue Neu nazala Jauna. Neure espiritua ezarriko dot zuekan, eta bizibarrituko zaree. Zeuen lurraldean ezarriko zaituet, eta jakingo dozue, Nik, Jaun honek, esandakoa bete egiten dodala». Holan dino Jaunak.

IRAKURGAIA 2

Jesus hilen artetik biztu eban Jainkoaren Espiritua zuekan bizi da.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik
Erm 8, 8-11

Senideok: Grina txarren menpean bizi diranak ezin izan gogoko Jainkoari. Zuek, ostera, ez zaree grina txarren menpean bizi, Espirituaren menpean baino, Jainkoaren Espiritua zuekan bizi da-eta.
Norbaitek Kristoren Espiritua ez badau, hori ez da Kristorena. Kristo zuekan baldin badago, barriz, gorputza pekatuagaitik hilik egon arren, espirituak badau bizia Jainkoaren salbamen-indarrari esker. Jesus hilen artetik biztu eban Jainkoaren Espiritua zuekan bizi bada, Kristo hilen artetik biztu ebanak berak biziazoko ditu zuen gorputz hilkorrak ere, zuekan bizi dan Espirituaren bitartez.

SALMOA

Sal 129, 1-2. 3-4. 5-6. 7-8.
R/. Jaunagan dago errukia, Haregan askatasun ugaria.

Barru barrutik Zeuri dagitsut ohiu, Jauna,
entzun, Jauna, nire deadarra.
Begoz adi zure belarriak,
nire ohiu eskarira.R/.

Gure erruak gogoan badaukazuz, Jauna,
nor dagoke zutik, Jauna?
Baina parkamena Zeugan daukazu, Israelen Jainko,
Zu begirunez zerbidu zaiguzan.R/.

Jaunagan itxaroten nago,
nire barrua Haren hitzaren zain dago.
Gau-mutila goiz-argiaren zain dago:
Nire gogoa Jaunaren zainago.R/.

Gau-mutila goiz-argiaren zain dago:
Israel Jaunaren zain holan bego.
Jaunagan dago errukia,
Beragan askatasun ugaria.
Berak itziko dau Israel askaturik,
egin dituan hoben guztietatik.R/.

EBANJELIOA

Neu naz biztuerea eta bizia.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 11, 1-45

Aldi haretan, [gizon bat, Lazaro izenekoa, gaixo egoan. Betaniakoa zan, Maria eta honen ahizta Martaren herrikoa. (Maria hau —gaixo egoan Lazaroren arrebea— Jesus ukenduz igurtzi eta oinak bere ule-adatsez xukatu eutsazana zan)]. Lazaroren arreba biek albiste hau bialdu eutsoen Jesusi: «Jauna, zure adiskidea gaixorik dago». Jesusek, hori entzutean, esan eban: «Gaitz hau ez da hilteko gaitza, Jainkoaren aintza azaltzeko baino, gaitz honen bidez Jainkoaren Semearen aintza azaldu daiten».
Jesusek oso adiskide zituan Marta, honen ahiztea eta Lazaro. Hau gaixorik egoala jakinda ere, egoan lekuan gelditu zan Jesus beste egun bitan. Ondoren, esan eutsen ikasleei: «Goazen barriro ere Judeara».
[Ikasleek esan eutsoen: «Maisu, oraintsu juduek harrika egin gura eutsuen, eta hara joan behar al dozu barriro?» Jesusek erantzun eutsen: «Ez al ditu egunak hamabi ordu? Egunez dabilenak ez dau estropezu egiten, eguzkiak argitzen deutso-eta bidea; gauez dabilenak, ostera, estropezu egiten dau, argirik ez dau-eta». Eta jarraitu eban: «Lazaro gure adiskidea lo dago; baina banoa esnatzera».
Ikasleek esan eutsoen: «Jauna, lo badago, osatuko da». (Jesusek Lazaroren heriotzaz esan eban hori; baina ikasleek ohiko loaz ziharduala uste eben).
Orduan, Jesusek garbi esan eutsen: «Lazaro hil egin da eta pozten naz han ez izanaz, zuen onerako izango da-eta, holan sinestu dagizuen. Goazen, bada, haren etxera». Tomasek, Bikia eritzonak, esan eutsen ikaskideei: «Goazen gu ere, Beragaz hiltera».]
Jesus heldu zanean, ordurako lau egun eroiazan Lazarok hilobian. [Betania hurrrean dago Jerusalemdik, hiru bat kilometrora. Eta judu asko etorri zan Marta eta Mariagana, nebeagaitik doluminak emotera.]
Martak, Jesus etorrela entzun orduko, bidera urten eutsan; Maria, barriz, etxean gelditu zan. Martak esan eutsan Jesusi: «Jauna, hemen izan bazina, gure nebea ez zan hilgo. Halan ere, badakit eskatu deiozun guztia emongo deutsula Jainkoak».
Jesusek erantzun eutsan: «Biztuko da zure nebea». Eta Martak: «Badakit biztuko dala azken egunean, hildakoen biztuerakoan».
Jesusek esan eutsan orduan: «Neu naz biztuerea eta bizia; Nigan sinesten dauana, hilda ere, biziko da, eta bizi dana, Nigan sinesten badau, ez da betiko hilgo. Sinesten al dozu hori?» Martak erantzun eutsan: «Bai, Jauna, sinesten dot Zeu zarala Mesias, Jainkoaren Semea, mundura etortekoa zana».
[Ondoren, bere ahizta Mariari deitzera joan zan Marta, eta esan eutsan isilka: «Maisua hemen dago eta dei egiten deutsu». Hori entzutean, bat-batean jagi eta Jesusegana joan zan. Jesus artean herrian sartu barik egoan, Martak topatu eban lekuan bertan. Etxean Mariari nahigabean laguntzen egozan juduek, harek bat-batean jagi eta urten ebala ikustean, jarraitu egin eutsoen, negar egitera hilobira joialakoan.
Mariak, Jesus egoan tokira heltzean, ikusi ebaneko, oinetan ahuspez jarri eta esan eutsan: «Jauna, hemen izan bazina, gure nebea ez zan hilgo».]
Maria eta haregaz etorritako juduak negarrez ikusirik, barruak zirrara egin eutsan Jesusi eta, zehatz hunkiturik, itaundu eban: «Non ipini dozue?» Erantzun eutsoen: «Jauna, zatoz eta ikusi». Jesusek negarrari emon eutsan.
Han egozan juduek esan eben: «Begiratu zein maitea eban!» Baina hareetariko batzuek esan eben: «Itsuari begiak edegi eutsozan Honek, ez al eikean hau hiltea galazo?»
Jesus, ostera ere hunkiturik, hilobira hurreratu zan. Haitzuloa zan, harlauzaz estalduta. Jesusek esan eban: «Kendu harlauzea!»
Hildakoaren arreba Martak esan eutsan: «Jauna, kiratsa botako dau, lau egun baditu-eta». Jesusek erantzun eutsan: «Ez al deutsut esan, sinesten badozu Jainkoaren aintza ikusiko dozula?»
Kendu eben, bada, harria. Jesusek, begiak zerurantz jasorik, esan eban: «Aita, eskerrak Zuri, entzun deustazulako. Nik badakit beti entzuten deustazuna; baina inguruan dodan jenteagaitik dinot, Zuk bialdu nozula sinestu dagien».
Hau esanda, oihu egin eban sakon: «Lazaro, zatoz kanpora!» Eta hildakoak urten egin eban. Esku-oinak oihal-zerrendaz loturik eta aurpegia zapiz estalduta zituan. Jesusek esan eutsen: «Askatu egizue eta itzi joaten».
Jesusek egina ikusi ebenean, Maria ikustera joandako judu askok sinestu eban Haregan.