24-11-2024 Jesucristo Rey del Universo
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 26-06-2022
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XII
Evangelio y Lecturas de 26-06-2022

IRAKURGAIA 1

Eliseo jagi zan, eta Eliasi jarraitu eutsan.

Erregeen lehenengo liburutik
1 Erg 19, 16b. 19-21

Egun hareetan, Jaunak esan eutsan Eliasi: «Igurtzi egizu Eliseo, Xafaten semea, Abel-Meholakoa, zeure ondorengo profetea».
Joan zan Elias menditik, eta Eliseo, Xafaten semea, aurkitu eban goldaketan; hamabi idi-pare ebazan aurrean, berak hamabigarrena eroiala. Ondotik igarotean, Eliasek bere soingainekoa bota eutsan gainera. Eliseo, orduan, idiak itzita, Eliasen atzetik joan zan lasterka eta esan eutsan: «Itzi egidazu, arren, aitari eta amari agur esaten, eta jarraituko deutsut gero». Eliasek esan eutsan: «Zoaz, baina bihurtu. Badakizu zer egin deutsudan».
Joan zan Eliseo, idi-parea hartu eta oparitzat hil eban; buztarriaz sua egin, haragia erre eta jaten emon eutsan jenteari. Gero jagi eta Eliasi jarraitu eutsan, haren zerbitzura jarriz.

IRAKURGAIA 2

Askatasunera deituak izan zaree.

San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako gutunetik
Ga 5, 1. 13-18

Senideok: Libre izateko askatu gaitu Kristok; iraun egizue, beraz, sendo eta ez makurtu barriro esklabotzaren buztarpera.
Zuei, senideoi, askatasunera deitu deutsue Jainkoak; baina ez bekizue askatasun hori aitzakia izan grina txarren arabera biziteko; bestela baino, egin zagiezala maitasunak alkarren zerbitzari. Izan ere lege osoa beteten da-eta agindu bakar hau bete ezkero: «Maitatu egizu zeure lagun hurkoa zeure burua lez». Baina alkarri aginka eta alkar iruntsi beharrean bazabilze, alkar hondatuko dozue azkenean.
Hauxe dinotsuet: Bizi zaiteze Espirituari jagokonez, eta ez grina txarrei jarraituz. Giza grinak Espirituaren aurkakoak dira eta Espiritua giza grinen aurkakoa. Indar bi horreek alkarren aurka dabilz; holan, ez dozue gura zeunkeena egiten. Espirituak gidatzen bazaitue, ostera, ez zagoze Legearen menpe.

SALMOA

Sal 15,1-2a eta 5.7-8.9-10

R/. Zu zara, Jauna, nire ondarea.

Gorde nagizu, Jainko,
Zugan naz-eta babesten.
Honan dinotsat Jaunari:
«Zeu zaitut neure Jauna”,
Jauna, Zeu zaitut neure ondarea, neure kopea,
zure esku dago nire zoria. R/.

Bedeinkatzen dot Jauna, aholkua deust-eta emoten,
gauez ere Berak dau nire barrua hezten.
Begi aurrean dot Jauna eten barik;
Bera eskuman dodala, ez naiteke dardaratu. R/.

Horregaitik, alai dot bihotza, pozik erraiak,
atsedenean nasai gorputza.
Ez dozu-eta nire bizia Heriotz-leizera jaurtiko,
ezta zeure fededuna ere hilobian galtzen itziko. R/.

EBANJELIOA

Jerusalemeko bidea hartu eban adore handiz. Jarraituko deutsut edonora zoazala.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 9, 51-62

Jesusek, mundu honetatik eroana izateko sasoia baetorkola eta, Jerusalemera joateko erabagia hartu eban. Mandatariak bialdu ebazan aurretik, eta Samariako herri baten sartu ziran, Jesusi ostatua prestatzera. Baina herrikoek ez eben hartu gura izan, Jerusalemera joialako.
Hori ikusirik, Santiago eta Joan ikasleek esan eutsoen: «Jauna, aginduko al dogu zerutik sua jatsi eta garbitu dagizan?» Baina Jesusek, hareekana bihurturik, hasarre egin eutsen. Eta beste herri batera joan ziran.
Bidean joiazala, batek esan eutsan Jesusi: «Edonora jarraituko deutsut». Jesusek erantzun eutsan: «Azeriek badabez zuloak eta zeruko hegaztiek habiak; Gizonaren Semeak, ostera, ez dau burua non ezarri».
Beste bati esan eutsan: «Jarraitu Niri». Baina harek erantzun: «Jauna, itzi egidazu lehenengo neure aitari lur emotera joaten». Jesusek erantzun eutsan: «Itzi hildakoei euren hildakoei lur emoten; zu zoaz Jainkoaren erreinua iragartera».
Beste batek, barriz, esan eutsan: «Jarraituko deutsut, Jauna, baina itzi egidazu lehenengo etxekoei agur egiten». Jesusek erantzun eutsan: «Goldeari heldu eta atzera begiratzen dauana ez da gai Jainkoaren erreinurako».