14-10-2024 Lunes, XXVIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 28-07-2024
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XVII
Evangelio y Lecturas de 28-07-2024

IRAKURGAIA 1

Jango dabe, eta hondarrak geldituko dira oraindino.

Erregeen bigarren liburutik
2 Erg 4, 42-44

Egun hareetan, Baal-Xalixako gizon bat etorri zan, Eliseo Jainkoaren gizonari lehen-frutuak ekarriz: hogei garagar-opil eta gari barria bere zakutoan. Eliseok esan eban: «Emon jenteari, jan dagien». Morroiak erantzun eutsan: «Zer da hau, ostera, ehun gizonentzat».
Baina Eliseok barriro: «Emon jenteari, jan dagien, hau dino-eta Jaunak: "Jango dabe, eta sobera geldituko da"». Banatu eban, beraz, morroiak ogia jentearen artean, jan eben eta sobera gelditu zan, Jaunak esan eban lez.

IRAKURGAIA 2

Bat bakarra da gorputza, bat bakarra Jauna, bat sinesmena, bat Bateoa.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako gutunetik
Ef 4, 1-6

Senideok: Nik, Jaunagaitik preso nagoan honek, eskatzen deutsuet, bizi zaitezela hartu dozuen bokazinoari jagokonez. Izan beti apal, otzan eta jasankor, alkar maitekiro eroanez. Ahalegindu zaiteze Espirituak sortzen dauan batasunari eusten, bakearen lokarriz.
Bat bakarra da gorputza eta bat bakarra Espiritua, Jainkoak egin deutsuen deiari jagokon itxaropena ere bat bakarra dan lez. Bat bakarra Jauna, bat bakarra sinesmena, bat bakarra bateoa; bat bakarra guztien Jainkoa eta Aita, guztien gainetik dagoana, guztien bidez diharduana eta guztiakan bizi dana.

SALMOA

Sal 144, 10-11. 15-16. 17-18

R/. Zabaltzen dozu zure esku hori, Jauna, eta asea emoten deuskuzu.

Goratu zagiezala, Jauna, zeure sorkari guztiek,
bedeinkatu zeure fededunek;
aitatu begie zure erregetza ospetsua,
Berba egin begie zure ahalmenaz. R/.

Zuri begira dagoz danak zain,
eta Zuk emoten deutsezu jaten euren sasoian;
zabaltzen dozu eskua,
eta bizidun guztiak ondoguraz dozuz asetzen. R/.

Zintzoa da Jauna bere bide guztietan,
leiala egintza guztietan.
Bertan dago Jauna dei egiten deutsoenengandik,
benetan dei egiten deutsoen guztiakandik. R/.

EBANJELIOA

Jesarritakoen artean banatu ebazan ogiak,bakotxak nahi eban adina.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 6, 1-15

Aldi haretan, Galilea edo Tiberiadeseko itsasoz bestaldera joan zan Jesus. Jentetza handia joakon ondotik, ikusten eben-eta zelako ezaugarriak egiten ebazan gaixoengan.
Jesus, orduan, mendira igon eta han jesarri zan bere ikasleekin. Hurrean zan Pazkoa, juduen jai nagusia. Jesusek, jente asko etorkiola ikusirik, esan eutsan Feliperi: «Non erosiko dogu ogia honei jaten emoteko?» (Zirikatzeko esan eutsan hori, ondo ekian-eta Berak zer egin behar eban). Felipek erantzun eutsan: «Berrehun denarioren ogia ez litzateke nahikoa, bakotxak apur bat izateko».
Ikasleetako batek, Simon Pedroren anaia Andresek, esan eutsan: «Bada hemen bost garagar-ogi eta arrain bi dituan mutiko bat; baina zer da hori horrenbesterentzat?» Jesusek jentea jesarriazoteko agindu eutsen ikasleei. Bedar ederra zan leku haretan eta danak jesarri ziran. Bost milaren bat gizonezko ziran.
Jesusek ogiak hartu eta, esker oneko otoitza esan ondoren, jesarritakoen artean banatu ebazan, eta era berean arrainak ere, gura adina. Ase ziranean, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Batu egizuez hondarrak, ezer galdu ez daiten». Batu ebezan, bada, eta hamabi otzara bete ebezan bost garagar-ogietatik jan ebenek itzitako hondarrez.
Jenteak, orduan, Jesusek egindako ezaugarria ikusirik, honan inoan: «Hauxe da, benetan, mundura etortekoa zan profetea». Jesusek, ostera, errege egiteko indarrez eroan nahi ebela oharturik, mendira alde egin eban barriro Berak bakarrik.