24-11-2024 Jesucristo Rey del Universo
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 29-05-2022
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, VIII
Evangelio y Lecturas de 29-05-2022

IRAKURGAIA 1

Gorantz igon eban Jesusek hareen begi aurrean.

Apostoluen Eginak liburutik
Eg 1, 1-11

Teofilo maitea: Neure lehenengo liburuan, hasieratik zerura jasoa izan zan egunerarte Jesusek egin eta irakatsi eban guztia idatzi neban. Zerura igon aurretik, Espiritu Santuaren eraginez aginduak emon eutsezan Berak aukeratutako apostoluei. Jesus apostoluei agertu jaken bere nekaldiaren ostean eta bizirik egoaneko froga asko emon eutsezan, berrogei egunez bere burua ikustera emonez eta Jainkoaren erreinuaz berba eginez.
Hareekin bazkaltzen ziharduan batean, honan agindu eutsen: «Ez alde Jerusalemdik. Zagoze han Nik Aitaren partetik egin deutsuedan agintzariaren zain. Joanek urez bateatu eban; baina zuek Espiritu Santuaz izango zaree bateatuak egun gitxi barru».
Orduan, baturik egozanek itaundu eutsoen: «Jauna, orain ezarriko al dozu barriro Israelgo erreinua?» Jesusek erantzun eutsen: «Aitak bakarrik dau hori erabagiteko ahalmena, eta ez dago zuen esku zein aldi edo unetan jazoko dan jakitea. Baina zuen gain jatsiko dan Espiritu Santuaren indarra hartuko dozue, eta nire lekuko izango zaree Jerusalemen, Judea osoan, Samarian eta lurraren azken mugaraino».
Hori esanik, gorantz igon eban Jesusek hareen begi aurrean, hodei batek begietatik ezkutatu eutsen arte. Oraindino zerura zelan joian begira-begira egozala, zuriz jantzitako gizaseme bi azaldu jakezan ondoan, eta esan eutseen: «Galilearrok, zertan zagoze hor zerura begira? Zuen ondotik zerura jasoa izan dan Jesus hori, zerura joaten ikusi dozuen lez etorriko da barriro».

IRAKURGAIA 2

Zeruan bere eskumaldean jesarriazo eban.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik
Ef 1, 17-23

Senideok: Jesu Kristo gure Jaunaren Jainkoak, aintzaren Aitak, emon deizuezala Espirituaren jakituria eta goi-argia, Bera ezagutzeko. Argitu dagizala zuen barruko begiak, jakin dagizuen zer itxarotera dei egin deutsuen, zein aberatsa dan fededunentzat oinordekotzan prestau dauan aintza.
Ahalmen eta indar hori Kristogan erakutsi eban Jainkoak, Berau hilen artetik biztu eta zeruan bere eskumaldean jesarriazo ebanean. Jainkoak aginte, ahal-izate, indar eta nagusitza guztien gainetik ezarri dau Kristo, eta mundu honetan ez ezik, datorren munduan ere aitatu daitekezan izen guztien gainetik.
Dana jarri dau Jainkoak Kristoren oinazpian, eta Berau ezarri dau danen gainetik Eleizaren buru. Haren gorputza da Eleizea, unibertsoa guztiz beteten dauan Kristok betea.

SALMOA

Sal 46,2-3.6-7.8-9

R/. Oihu alaien artean igon dau Jainkoak, turuta soinuz Jauna.

Herri guztiok, txalo jo egizue,
Jainkoari irrintzi egiozue.
Goi-goiko Jauna, izan ere, izugarri,
lurbira osoan errege handi. R/.

Oihu alaien artean igon dau Jainkoak,
turuta soinuz Jaunak.
Eresi Jainkoari, eresi,
eresi gure erregeari, eresi. R/.

Jainkoa da-eta lurbira osoan errege,
egiozue jator gorazarre.
Jainkoa errege da atzerrietan,
jesarrita dago Jainkoa bere aulki santuan. R/.

EBANJELIOA



Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik
Lk 24, 46-53

Aldi haretan, Jesusek honan esan eutsen bere ikasleei:
«Idatzita egoan, Mesiasek sufridu egin behar ebala eta hirugarren egunean hilen artetik biztu, eta, Jerusalemdik hasita, bihotz-barritzea iragarri behar jakela haren izenean herri guztiei, peka-tuak parkatu dakiezan. Zeuek zarie gauza honeen testigu. Neure Aitak agindutako doea, Espiritu Santua, bialduko deutsuet Nik. Zuek egon zaiteze urian, Jainkoagandiko indarrez jantzi zaitezen arte».
Gero, Betania aldera atara zituan Jesusek ikasleak eta, eskuak jasorik, bedeinkatu egin zituan. Bedeinkatzen zituan bitartean, aldendu egin zan eurengandik, eta zerura eroan eben. Hareek, Jesus ahuspez gurtu ondoren, Jerusalemera bihurtu ziran pozez beterik. Eta eten barik tenpluan egoten ziran Jainkoa goratzen.