Elizbarrutiko Misioen Kanpaina
“Misinoa: eginbide eta itxaropena” – “La Misión: compromiso y esperanza”-
Anai-arrebok, agur bero bat.
Euskal Eleizbarrutietako Misinoen aurtengo kanpaina aurkeztera nator. Eleiz gertaera esanguratsu biri lotuta ospatuko dogu. Mundu-mailako gertaera da bata, lekuko Eleizari lotutakoa bestea: Frantzisko Aita Santuak deitutako Jubileu Urtea eta Bilboko Eleizbarrutiaren 75. urteurrena. Gertaerok, berez, poz, itxaropen eta konpromisorako abagune dira.
Horixe da, hain zuzen be, kanpainarako aukeratutako goiburua: Misinoa: eginbide eta itxaropena”. Azken baten, deia da, gogoeta patxadatsu eta sakonerako une egoki bihurtu daigun, Bizkaiko Eleizan gaur egun Misinoaz dogun ikuspuntua eta Misinoaz zenbateraino arduratzen garan argitu ahal izateko.
Aro-aldaketa bizi dogu, sakona eta atzeraezina da sekularizazino-prozesua munduan, leku batzuetan, besteetan baino prozesu biziago eta finkatuagoa bada be. Eta egoera horrek eragin nabarmena zan dau Eleizaren misino-bokazinoan. Mundua, gero eta txikiago egin jaku eta orain gertukoari eta presazko edo preminazkoari baino ez dautsagu begiratzen. Katolikotasuna, mundu osoko Eleizako atal izatean, bigarren mailara igaro da.
Halanda be, Misinoa, gure kristau izaeraren muina da. Eleiza, Jainkoaren herria, Eleiza izango bada, nahitaez misiolari izango da. Eleiza salbamenezko sakramentu da gizaki guztientzat, munduko edozein lekutan.
Errealitateari begiratu eta benetan arrazoi gitxi aurkitzen dogu poztasun eta konfiantzarako eta gogogabeziaz eta etsipenez beteten gara. Izan be, nonahi dira gerrak, miloeka errefuxiatu, desplazatu, txirotu, planetako aberastasunaren banaketa desbardin, immoral eta bidegabearen eraginez.
Horregaitik Jubileua, Frantzisko aita santuak gogoratu deuskunez, lagungarri izan daiteke itxaropenezko eta konfiantzazko giroa berreskuratzeko, danok preminazkotzat joten dogun bizkunde barriaren zeinu lez. Horretarako, bere esanetan, ezinbestekoa da mundu osoan senidetasun-sena berreskuratzea, bestela begiak itxiko deutsaguz miloeka gizon eta emakumeri, gazte eta umeri gizatasunez eta duintasunez bizitzea galarazoten deutsen sekulako pobretasunaren zoritxarrari. Gure itxaropena maitasunean sortzen da eta Jesusen bihotzetik isuritako maitasunean oinarritzen da.
Hain zuzen be, Eleiza unibertsalean aitzindari izan zan misino-giroan sortu ziran gure Eleizbarrutiak. Gaur egun, gizarte, kultur eta eliz errealitatea desbardina da; desbardinak dira inguruabarrak, baina bera da Misinoa: “Zoaze mundu guztira eta iragarri Barri Ona izaki guztiei” (Mk 16, 15). Hau da, “Eleizbarruti misiolari” lez sortu ginan. Aurtengo kanpainak horixe gogoratu gura dau.
Hainbat taldetan garatzen dira beste Eleiza ahizta batzuekazko lankidetza-egitasmoak. Eskertzekoa da, eta argitasuna emoten deusku holako ekimenak bultzatzen eta beste lurralde batzuetara zabaltzen jarraitzeko. Dana dala, ez dogu ahaztu behar misino- bokazinoa egitasmoak baino gehiago dana.
Aurreko urteetan ez bezala, aurton lagungarriak postaz iritsiko jatzuez, beste hainat kanpaina lez, gotzaitegitik bialduta. Kartazalean, kartela, Gotzainaren eta Ordezkariaren gutunak, liturgia lagungarriak eta eleizbarrutian programatutako jarduerak aurkituko dozuez. Gainerakoak, misioak.org eta bizkeliza.org webetan aurkituko dozuez. Dana dala, paper-euskarriak eskatu deiguzuezan lagungarriak bialtzeko prest gagoz. Lagundu eta parte hartu daigun Pastoral Barrutietan programatutako jardueretan.
Espiritu Santuak adore emon deigula eta gidatu gaizala Eleizbarrutietako Misinoen kanpaina hau ospatzeko.
Senide besarkada,
Manuel de Jesus Heredia Noriega
Misinoetarako Ordezkaria