Zaindariak eta Santuak
Loiolako San Inazio eta Berrio-Otxoako San Balendin dira Bizkaiko zaindariak.
Elizbarrutiko Santuak
Esan barri dogunez, Elizbarrutiko bigarren zaindari dan Berrio-Otxoako San Balendinez gain, honeek dira Elizbarrutiko beste santu eta dohatsu batzuk:
Santa María Josefa Sancho de Guerra (1842-1912), Gasteizkoa, Karitateko Jesusen Mirabeen Institutua sortu eban Bilbon. 1992.eko irailaren 27an beatifikatua izan zan eta 2000.eko urriaren 1ean kanonizatua.
Domingo Iturrate Dohatsua (1901-1929), Dimakoa, abade hirukoiztarra izan zan; 1983.eko urriaren 30ean beatifikatua.
Rafaela de Ybarra Dohatsua (1843-1900), Bilbokoa, laikoa eta familia ugariaren ama, Aingeru Begiraleen Institutua sortu eban. 1984.eko irailaren 30ean beatifikatua izan zan.
Frantzisko Garate (1857-1929). Jesusen Lagundiko anai hau 1985.eko urriaren 6an beatifikatua izan zan. Loiolan (Gipuzkoa) jaioa, bere erlijioso bizitza luzea Deustuko Unibertsitatean emon eban, atezain lanak eginez.
Azkenaldian, Ajangizen (Bizkaia) jaio eta, erlijioso bizitzan 56 urte emon ondoren, 1937.eko uztailaren 25ean Motrilen (Granada) hil zan Leon Intxausti Mintegia (1859-1937) abade agustindar errekoletoa beatifikatu dabe.
Martxoaren 11n, Aita Santuak Bizkaian jaiotako Vedrunako Karitateko Karmeldarren Institutu Erlijiosoko hiru erlijiosa beatifikatu ebazan. Honeek dira: Sor Francisca de Amezua Ibaibarriaga (1881-1936), Abadiñoko Traña-Goti baserrian jaio eta El Salerren (Valentzia) hil zan 1936ko abuztuaren 19an, bizitza erlijiosoan 36 urte emon ondoren; Sor María Consuelo Cuñado González (1884-1936), Bilbon jaio eta Valentzian hil zan 1936ko abuztuaren 24ean, bizitza erlijiosoan 35 urte eroazala; eta Sor Feliciana de Uribe Orbe (1893-1936), Muxikako Zubieta baserrian jaio eta Paternako Zaldi-eskolan (Valentzia) hil zan 1936ko azaroaren 24ean, bizitza erlijiosoan 23 urte igaro ondoren.
2013.eko urriaren 13an dohatsu autortutako martiri dohatsuak: Antonio Sola, Bilbokoa; Buenaventura Gabika-Etxebarria, Ajangizekoa; Emilio Serrano, Bilbokoa; Esteban Ciriaco Barrenechea, Elorriokoa; Francisco Euba eta Gorroño, Zornotzakoa; Hermenegildo Iza eta Aregita, Mendata-Albizekoa; Joaquina Rey, Begoñakoa; Jose Recalde, Galdakokoa; Juan Antonio Salutregui, Gernika-Lumokoa; Juan Antonio Bengoa eta Larrínaga, Dimakoa; Luis Aguirre, Mungiakoa eta Victoria Arregui, Bilbokoa.



