Pazkoak, Gernika, Bilbao eta Berrizen ospatuko dira. Gernikan, esate batarako, 14 eta 16 urte bitarteko gaztetxoek pazko ibiltaria egingo dabe San Fidel ikastolan eta Mertzede ikastetxean. San Pedro Apostolua eta Asisko san Frantzisko parrokietako ospakizunetan parte hartuko dabe.
Goizez, Gernikaldeko inguru naturala zeharkatuko dabe eta Bariku Santuz Gernikako oraintsuko historia ezagutuko dabe, herri zaurituaren atsekabea eta itxaropena oroitu eta ezagutzeko. Antolatzaileen esanetan, “lekukotasun eta kontaketen bidez, Jesus indarkeria eta sufrimentuaren biktimen kurutzean aurkitzen lagunduko jake, historian Pazkoaren zantzuak antzemanez”.

Proposamen barria
Begoñazpi ikastolan aukera bi izango dira 16 eta 18 urte bitarteko gazteentzat. Zerbitzuzko pazkoan 61 lagunek parte hartuko dabe, goizez egoitza eta gizarte jantokietan lagunduz. Esperientzia horretatik, “Pazko Hirurrena ospatuko dab egunero, sakontasun handiagoz, ahuleziazko egoerak gertutik ikusi ondoren”.
Iaz esperientzia hau egin ebenentzat, proposamen barria dago: Alkartze-pazkoa, barrukotasuna lantzeko. Fede ibilbidean sakontzen jarraitu gura daben 46 gazte batuko dira.
Azkenik, 18 eta 25 urte bitarteko 12 gaztek Berrizko Mesedetako Misiolariean Maturana aterpetxean biziko dabe pazkoa. Euren bizitzara egokitutako jardunbide eta erritmoak izango dabez eta ospakizunetan bat egingo dabe Barnezabalen helduen Pazkoa ospatuko daben 20 lagunakaz.
Antolatzaileen esanetan, “adin-multzo desbardinetara egokitutako proposamenak dira, baina bat datoz guztiak uste sendo honetan: Pazkoa aukera ona da Ebanjeliotik sortzen dan bizi barria nork bere egiteko”.