26-12-2024 Esteban, protomartir
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Alkartasunezko bidaia Senegalera
21.08.2024

Alkartasunezko bidaia Senegalera

Nerea Gainza Foruko parrokiako begiralea eta bere alaba Ane Aldana Senegalen izan dira hamabost egunez boluntario lanetan. Euleuk alkartearen eskutik izan dira han eta 0 eta 3 urte bitartemo neskato-mutikoentzako umezurtz-etxean, eskola baten eta osasun-etxe baten laguntzeko aukera izan dabe. Bizkaia Irratian egindako alkarrizketan adierazo dabenez, "euren ametsa bete dabe". 

Nerea eta Aneren esanetan, Senegalen bizi izan daben esperientzia, “itzela” izan da eta bisitatu dabezan leku guztietan harrera bikaina egin deutsie, beraz, zera dinoe: “barriro joateko gogoaz geratu gara”.

Afrikar herrialdera joateko aukera emon deutsen Euleuk alkarteko kide bi Muxikakoak dira. “Gernikan egin eben aurkezpenaren bidez ezagutu genduan egitasmoa eta biok alkartasunezko esperientzia bizitzeko gogoa genduanez, berehala animatu ginan”. 

Euleuk alkartea

Sei emakumek osotuta, alkarte honek lekuko jenteagaz jarduten dau, izan be, euren ustez, “behin egitasmoak martxan jarrita, esku-hartzen daben lekuko pertsonak eurak, gure laguntza barik, egitasmook aurrera eroaten konprometitu daitezala da helburua”.

Nerea eta Anek alkarrizketan adierazo dabenez, Dakarrera helteaz batera, furgoneta baten hartu eta eurakaz batera boluntario lanetan jardun izan dabenakaz bizileku izan daben lekura eroan ebezan. 

Goizetan, umezurtz-etxe baten bizi diran umeakaz egon dira. “Aurkitu dogun egoera, guk uste baino hobea izan da. Ondo artatuta dagoz. Janaria, sehaskak eta arropak dabez. Hogeta zortzi ume dira eta talde bitan banatuta dagoz. Hori bai, zaintzaileak gitxi izanda, ume larregi dago etxe haretan. Beraz, guk arreta eskain eta kalera atara izan doguz”. Umetxo horreei maitasuna emotea, “esperientzia ahaztezina” izan dala dinoe.

Arratsaldez, beste egitasmo bitan lagundu izan dabe: eskola baten eta osasun-etxe baten. Hau be esperientzia ahaztezina izan da eta arrasto handia itzi deutse. Nereak azpimarratu dauanez, “ametsa bete dau”, eskaini ahal izan dauana baino askoz gehiago jaso daualako. 

Nerea eta Ane Senegalen