22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Arratian, kanpaiak joko dabez pobreen alde
17.11.2023

Arratian, kanpaiak joko dabez pobreen alde

Frantzisko Aita Santuak azaroaren 19rako -domeka- deitu dauan Pobreen Munduko Eguna dala-eta, Bizkaiko Caritasek bat egin dau zapatuz Errekalden ospatuko dan Eleizbarrutiko ekitaldiagaz. Baina ez da egun horretako hitzordu bakarra, izan be, Arratian Caritasetik laguntzen daben pertsonek beste batzuetan be burutu daben jarduera egingo dabe, jente ugari batzeko itxaropenagaz. Azaroaren 18an bertan, Algortako Berreroslea parrokiaren 50. urteurrenari lotuta, Jesus Llarena Liturgiarako Eleizbarrutiko ordezkariak berbaldi-tailerra eskainiko dau: "Eleizako arkitektura, Kristogaz eta hurkoagaz bat egiteko lekua".

Maribel Salcedo IV. bikaritzako kontseilari eta Caritas Arratia erakundeko arduradunak eta Itziar Montalban Caritas Bediako boluntarioak emon eben Pobreen Munduko Egunaren inguruan prestatu daben egitarauaren barri.Radio Popular-Herri Irratian egin eutsien alkarrizketan jakinarazo ebenez, azaroaren 18an, Arratiako eleiza guztietako kanpaiak joz emongo deutse hasiera egunari. Kanpai-hots horreek egun berezia iragarriko dabe.

Caritas Arratia

Maribelen esanetan, “Caritas Arratia erakundeak orain dala zazpi urte hartu eban bere gain erronka hau: Aita Santuak deituta pobretasuna jasaten daben pertsonen aurrean sentiberatasuna bizteko eta eurakaz alkartzeko eguna gure eskualdera, gure herrietara eroateko erronka. Danak erakarri gura doguz, bata ala bestea izan erlejinoa, danentzat da deia”.

“Caritas Arratia erakundeak esperientzia luzea dau pobretasunaren aurkako eta gizarte zuzentasunaren aldeko borrokan. Konprometitutako pertsonek osatzen dabe taldea eta herriz herri garatzen dabez egitasmoak sufritzen daben pertsonen bizitzak hobetzeko. Gainera bat egiten dabe beste hainbat erakundegaz, eurakaz koordinatuz, alkartasuna zabaltzeko. Inguruko Gizarte Ongizaterako erakundeakaz eta udalakaz be hartu-emonean gagoz”.

“Aurton, Bedia arduratuko da antolaketaz. Egunari hasiera emoteko, Arratiako herri guztietako kanpaiak joko doguz. Arratsaldez, “Pobrezas que no se ven… Ez emon leporik behartsuari” ekitaldia ospatuko dogu.

Ginea-Bisauko egitasmo bati laguntzeko

Itziarrek egitarauaren barri emon dau: “Bediako frontoian garatuko da 18:00etatik aurrera. Harreraren ostean, musika, dantzak, bertsoak, Bediako abesbatzaren emonaldia, antzerkia, trikitixa eta, amaitzeko, txokolatada izango dira”.

“Ekitaldian, zozketa egingo da eta azken asteetan saldutako txartel guztiak sartuko dira zakuan. Batu daiten dirua, Bediako Eduardo Traver farmazeutikoak Koopera Euskadi GKEaren laguntzaz bultzatuta, Ginea-Bisaun garatzeko egitasmora zuzenduko da. Hain zuzen be, diruagaz osasun arloko langileentzako tresnak jadetsiko dira, kirugiarako, oftalmologiarako eta ginekologiarako”.

Maribel eta Itziarrek parte hartzeko dei egiteaz batera, “eskerrak emoten dabez partaide eta laguntzaile guztien alkartasunagaitik. Jai polita izango da eta primeran pasatuko dogu”.

Berbaldia Algortan

Egun berean, azaroak 18, Algortako Berrerosle Guztiz Santua parokian, berbaldia eskainiko dau Liturgiarako Bilboko Eleizbarrutiko ordezkariak. Eleizaren 50. urteurrena dala-eta, 10:00etatik 13:00era, berbaldi-tailerra egingo da Llarenaren eskutik.

Maribel Salcedo