Kulturarteko erretiroa
“Danona dan etxea zaindu” goiburuaren haritik alkartu ziran eta oinarrizko alkarteetan lan egiten dauan eta Chiapaseko indigenen alde egiten dauan Jose Aviles mexikar jesuitak bere lekukotasuna emon eban. Giza Eskubideen defendatzaile dan Lolita Chavez Ixcaquic guatemalar taldeburuaren lekukotasuna be entzun eben. Otoitzaren eta azken bialketaren ostean, mahaiaren inguruan batu ziran senide giroan.
BAM Irakasleen Eskolaren 75. urteurrena
Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskolak (BAM) 75. urteurrena ospatzen dihardu. Hirurogeita hamabost urteotan, Haur eta Lehen Hezkuntzako 10.000 irakasle baino gehiago prestatu dira bertan, askotariko ikasketa-planakaz eta askotariko testuinguru eta errealitate historikotan.
Ekainaren 28an, barikuz, SILO Bilbao eremuan ospatu zan urteurreneko ekitaldia. Gaur egungo eta lehengo unibertsitate alkarteko kideek parte hartu eben, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakariak.
On Joseba Segura Bilboko gotzainak be hitz egin eban saioan eta Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza-sailburu barria be urteurreneko ekitaldian izan zan.
Argia Fundazinoaren kurtso amaiera
Barikuz izan zan Argia Fundazinoaren kurtso amaierako ekitaldia be. Bakeleku, Zubiete, Zurimendi eta Lantzarte taldeetako eta Eguneko ospitaleko pastoral taldeko hainbat lagun batu zan. Txangoa egin eben Bilbora eta Atxurin dagoan Eleiz Museora egindako bisita gidatuaz gozatu eben.
Lan-kanpamentua Berrizen
Ekainaren 27tik 30era lan-kanpamentua egin da, Berrizko Mesedetako Misiolariek antolatuta, eta gure Eleizbarrutiko hainbat gaztegaz batera, Madrileko beste batzuk be izan dira. “Mundua zaintzeko zerbitzua” gaia ardaztzat hartuta, partaideek askotariko arloetan egin dabe boluntario-lana, esate baterako, etorkin eta errefuxiatuentzako Olakuetako aterpetxean eta erizaindegian, bertan dagozan monjakaz.
Berrizko Mesedetako Misiolariek XVII. kapitulu nagusia ospatzen dihardue. Uztailaren 7an emongo deutse amaiera On Joseba Segura Bilboko gotzaina buru dala ospatuko daben Eukaristiagaz.