Roberto Vidal Kartzela Pastoraltzarako Eleizbarrutiko arduradunak Eleizbarrutietan, arlo honetan dagozan esperientzien inguruko mahai-inguruan parte hartu eban.
Euskaliten Kudeaketa Aurreraturako Astean be parte hartu dau Eleizbarrutiak, webean jaso danez eta Arizmendiarrieta Fundazinoa be izan da aitatutako ekitaldi horretan.
‘Bizkaia isilik’ bilkurak
Webean jaso danez, hilaren azken eguazten honetan bilkurak egin dira Bizkaiko zortzi herritan, ‘Bizkaia isilik’ ekimenaren eskutik.
‘Bizkaia isilik’ ekimenak urrian ospatu dituan zortzi bilkuretan, pobretasunaren eta bere eragileen -gizarte-ekonomia egiturak bidegabeak dira- arazo larria agertzera emon da, “gizarte-ekonomia egiturak bidegabeak diralako. Eta, honen haritik, herritar lez, horreek salatu eta giza errealidade zuzenagoa aldarrikatu behar dogu”.
‘Laudate deum’ ETPIan
ETPIan ospatu dan kurtsoko lehenengo berbaldiaren barri be jaso da astean zehar webean.
Galo Bilbao izan da kurtsoko lehenengo hizlaria eta Frantzisko Aita Santuaren aholku-hitz apostoliko barriari buruz hitz egin dau: “Laudate Deum: garrantzitsua dagoeneko preminazkoa da”
Argia Fundazinoa
Webean jakitera emon danez, Argia Fundazinoaren eskutik, Hartu-emon eta Sentsibilizazinorako Jardunaldien XIV. ekitaldia ospatu da Bilbon. Bilboko Bizkaia aretoan izango dira jardunaldiak, “¿Derechos? Torcidos/Eskubideak? Desbideratuak” goiburuaren haritik eta ahalmen-urritasuna daben pertsonen eskubideei buruz. Osasun intereseko eta etenbako heziketarako jardunalditzat joten dira
Hainbat adituk buruko arazoak eta ahalmen-urritasuna dabezanen eskubideen urraketaren inguruan jardun dabe eta baita balorazinoaren, gaitasun juridikoaren eta lege aldaketaren inguruan eta ahalmen-urritasuna daben pertsonei laguntzeko neurrien inguruan be.
Parrokietako Alkartezainen I. Batzarra
Sopuertako San Viator ikastetxean ospatu dan Parrokietako Alkartezainen I. Batzarraren barri be emon da luze eta zabal.
Dozenaka lagun batu zan Sopuertako San Viator ikastetxean eta ekialdian irudi honen inguruko agiria aurkeztu zan. Orain arte egiteko hori beteten dabenek euren esperientzia kontatu eben eta, beharrezkotzat jo ezkero, beste alkarte eta lurralde batzuetan ezartzeko aukerak aztertu ebezan.
Gotzainak be parte hartu dau batzarrean eta, hasieran, zera esan dau, besteak beste: “eskerrak emon gura deutsuedaz hemen batu zarien guztioi eta, bereziki, mandatuagaz ala mandatu formal barik, inplizituki edo esplizituki…, parrokiako erreferente edo alkartezain izan zarien edo gaur egun zarienoi; behar-beharrezko zarie gure parrokiak, gaur, eremu baliagarri eta abegitsu izan daitezan”
Caritasen kanpaina
“Inor etxebizitza barik” Caritasen kanpaina be jaso da webean.
Cáritas Bizkaia erakundeak etxebizitza bakoen inguruko 2023ko kanpaina ospatu dau. Dei egiten dau, “alkarte inklusibo izan gaitezan, alkarteak eginez eta, helburu eta ekintzetan bat eginda, zailtasunak eta adorerik eza gainditu daiguzan”. Oraingoan, aparteko arreta jarri gura dabe bizilekurik ez daukien emakumeek jasaten daben ahulezian: “sarea banatzeak alkarteari eusteko eta alkarteko kide izateko aukera emoten deusku, aukera eta prozesu eraldatzaileak sortuz”.
Asteburuan, gainera, jarduerak izan dira Ondarearen Europako XXIII. Jardunaldien barruan, Bizkaian, hain zuzen be, organoari lotuta.
Hilaren azken domekaz ospatzen dan Meza latinoamerikarraren inguruko barritasuna be nabarmendu da, izan be, aurton beste leku batean ospatuko da.
Aurrerantzean, alkarte latinoamerikarrak hilaren azken domekaz izango dau ospakizuna Miribillako Santa Maria Josefa parrokian, 17:30etan.
Hauxe da Astekoak, Eleizbarrutiko asteko barriak