23-12-2024 Lunes, semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Barruan Begoñako Ama Birjinaren irudia eban botilaren iritsieraren 75. urteurrena ospatu dabe Almacigan
29.04.2024

Barruan Begoñako Ama Birjinaren irudia eban botilaren iritsieraren 75. urteurrena ospatu dabe Almacigan

Gaur bete dira 75 urte barruan Begoñako Ama Birjinaren irudia eban botila Tenerifeko Almacigako kostaldera heldu zanetik eta asteburuan ospatu da kanariar herri txiki honetako biztanleentzat mugarri izan zan urteurren hori. Kerman Lopezek parte hartu dau ospakizunetan. 

Apirilaren 26an, barikuz, esker oneko meza ospatu zan eta azken urteetan Almacigako Begoñako Andra Mari alkartean ospatutako Eukaristietan buru izan diran abadeek parte hartu eben. Zapatuz, Bernardo Alvarez  gotzaina izan zan buru Begoñako Andra Mariaren eguneko Eukaristian. Amaieran, prozesinoa egin eben. Eta atzo -domeka-, antolatutako programaren egun nagusian, Eukaristia ospatu zan Kerman Lopez Bilboko bikario nagusia buru zala eta, ondoren, prozesinoa egin zan. 

75. urteurrena La Almaciga
75. urteurrena La Almaciga

75. urteurrena:
Botila haren barruan, Begoñako Ama Birjinaren 5 estanpa eta 1949.eko apirilaren 29an Bilboko Quinta Parrokia dalako Ekintza Katolikoko gazteek sinatutako idazkia egozan.

75. urteurrena La Almaciga
75. urteurrena La Almaciga

Begoñako Andra Mari, Almacigako zaindari

Bernardo Alvarez gotzainak botila Almacigako hondartzara heldu zaneko istorioa kontatu eban homilian. Bere esanetan, “hain zuzen be,1049.eko apirilaren 29an aurkitu eben botila. Honen barruan, Begoñako Maria Birjinaren (Bilboko zaindariaren) hainbat irudi eta Santiago de Compostelara joiazan erromesek sinatutako idazkia egozan. Asturiaseko kostaldearen parean, 1948.eko abuztuaren 27an bota eben botila itsasora”.

Beranduago, honen barri izan eben Bilbon eta Begoñako Ama Birjinaren irudia bialtzea erabaki eben. 1950.eko apirilaren 27an bedeinkatu eben irudia Begoñako basilikan eta Tenerifera bialdu. “Irudia 1950.eko maiatzaren 6an heldu zan Puerto de Santa Cruzera. Pozez beteta hartu eben irudia eta handik uriko Sorkundeko Andra Maria parrokiara eroan eben. Beranduago, 1950.eko maiatzaren 14an, behin betiko lekura eroan eben, ALMACIGARA, eta hemen bere ermitan tronuratua izan zan”.

Gotzainak azaldu ebanez, gaur egun “eleiza barri eta ederrean gurtzen da. Berau 2019.eko ekainaren 1ean inauguratu eben, gaur egun Bilboko gotzain dan eta orduan gotzain laguntzaile zan On Joseba Segura, Bilboko Begoñako kofradiako kideak eta Begoñako basilikako parrokoa bertan zirala”.

Holan, gotzainak amaieran esan ebanez, Begoñako Andra Mari Almacigaren zaindari bihurtu da, “baina askotan entzun deustazuenez, Maria Birjina ez da irudi edo izen hutsa. Irudi eta izenek lagundu egiten deuskuke zeruan dan eta handik ama maitasunez laguntzen eta zaintzen gaituan Maria Birjina Kristoren Ama eta gure Ama gurtzeko. Berak gugaz otoitz egiten dau eta bitarteko dogu Jainkoaren aurrean, arima eta gorputzaren gatx guztitik askatu gaitezan”.

Eleiza:

Imagen tras la Eucaristía de ayer domingo en La Almaciga