27-04-2024 Sábado, IV semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Bermeon ospatuko da San Joan ermitako urte amaierak meza
28.12.2023

Bermeon ospatuko da San Joan ermitako urte amaierak meza

Gaztelugatxeko ermita eta ingurua zaintzeaz arduratzen dan boluntarioen batzordeak jakitera emon dabenez, aurton, abenduaren 31an, hatxeko ermitan urtero ospatzen dan Eukaristia Bermeoko frantsizkotarren eleizan ospatuko da arratsaldeko 19:00etan. Bizkaiko Foru Aldundiak ingurua konpontzen eta hobetzen diharduala da lekualdaketaren arrazoia. 

Gaztelugatxeko San Joan  ermita zaintzeaz arduratzen diran boluntarioen batzordeak dei egin dabe urte amaiera Bermeoko frantsizkotarren eleizan ospatzeko. “Batez be bermearrei eta, orokorrean, Gaztelugatxeko San Joani debozinoa deutsenei” zuzendutako oharraren bidez jakinarazo dabe. Bertan azaldu dabenez, “bidea, eskailerak eta ermita aurreko plaza txikia ez dagoz baldintza egokietan” ospakizunak egiteko.

Ermitara heltzeko beste bidea be, Ermutik doana, ez dago egoera hobean eta horren lekuko da taldea, izan be, euren autoa behin baino gehiagotan geratu da lokatzan, “ez aurrera ez atzera”. 

Hogeta hamar urteko ohitura

Kokapena kontuan hartuta eta “egun berezi horretan inork min hartzerik gura ez dogunez”, San Joan ermitaren zaintzaileek meza beste leku batean ospatzea pentsatu dabe. Boluntario honeek euren esku dagoan guztia egiten dabe ermita zaintzeko, kultuari eusteko eta ingurua hobetzeko eta zaintzeko. Urteko zapatu guztietan joaten dira hara garbitzera eta zaintzera. 

Orain dala hogeta hamar urte hasi ziran abenduaren 31an ermitan Eukaristia ospatzen. Beste batzuetan lez, mezaren amaieran, txokolate beroa eta bizkotxoak banatuko dira bertaratutakoen artean.

Eukaristiak ermitan egun handietan

Frantziskotarrak izaten dira buru urteko egun jakin batzuetan San Joan ermitan ospatzen diran mezetan, esate baterako, San Joan Bateatzailearen egunez, San Joan Lepogabetuaren egunez, uztailaren 31an eta abenduaren 31an.

Oraingoan, bidea txarto dagoala-eta geratu da ermitako meza bertan behera, baina ez da hori gertatu dan aldi bakarra, pandemian urte biz egon ziralako ermitan meza ospatu barik.

San Juan de Gaztelugatxe