08-12-2024 Inmaculada Concepción de Santa María Virgen
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 BIlboko gotzaina izango da buru Jose Angel Ubietaren hileta-eleizkizunean
23.10.2024

BIlboko gotzaina izango da buru Jose Angel Ubietaren hileta-eleizkizunean

Jose Angel Ubieta abadearen arimaren aldeko hileta-eleizkizuna barikuz, urriak 25, ospatuko da, 17:30etan, Bilboko Santiago katedralean.  On Joseba Segura gotzaina buru izango da. Bilboko gotzain izan zanean (1995-2010) Ubieta ezagutu eta beragaz jardun eban Mons. Ricardo Blazquez kardinala be etorriko da. Hil-kapera BIzkaia ehorztetxeak Gasaren plazan dauan beilatokian izango da bihar -urriak 24, eguena-, goizez, 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldez, 16:30etatik 20:00etara. 

Jose Angel Ubieta abadearen heriotzak zirrara handia eragin dau eleiz inguruan.

Ubieta bikario nagusi zala Derioko Seminario txikiko errektore izan zan Andoni Gerrikaetxebarriak haren apaltasuna eta jakituria nabarmendu ditu.

Eleizbarrutiko zutabe urterik gogorrenetan eta gidari epe luze batean

Gerrikaetxebarriaren esanetan, Ubieta “funtsezko pieza izan zan Eleizbarrutian, politika, gizarte eta eleiz mailan egundoko zurrunbiloa egoan sasoian. Eleizbarrutiko Batzar Nagusiaren sustatzaile eta gidari, mugarri izan zan Eleizbarrutiaren historian. Baloratu eta estimatua oso, gidari espiritualtzat eban hainbat Eleizbarrutitan egon zan; Bibliaren ezagutza sakonetik, maisu bikain izan zan Eleizaren pastoral bizitzan”.

Jesus Llarena abade eta Liturgiarako Eleizbarrutiko ordezkariak adierazo dauanez, “bere aita espirituala” izan da, gazteei “euren bokazinoa aurkitzen” laguntzeko ardura ebana. Askoren maisu, “abade eredugarri, alkartasunaren alde bizi eta ahalegindu zan abadea” izan zan beretzat. Gainera, beti jakin izan eban “laguntza espirituala emoten, Jainkoaren laguntzaile zala, eta ez protagonista, ahaztu barik”. Azken baten, bere esanetan, “hutsune handia izten dau, urte asko, eta baita mugak be, izan dituan arren”. Seminarioko zuzendari espirituala izan zanean, “Pazko domekako kristau izan behar genduala” esaten euskun abadegaioi, hori “beretzat oparirik handiena” zalako.

Jorge Muriel San Bizente abade-etxeko arduradunak -hementxe hil da Jose Angel Ubieta- hauxe dino berari buruz: “gizon apala zan, pazientzia handikoa, jarrera oneko gizona. Esan, egin edo eskatzen eban guztia, errespetuz, zuhurtziaz egiten eban. Niretzat, Jose Angel Ebanjelioaren benetako lekukotasun izan da”.

Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutua

Ubieta izan zan Institutuko lehenengo zuzendaria eta euren web orrialdean esker onez gogoratu dabe: “gizatasun handiko gizona izan dana eta berak sustatutako ekimen askori esker, Eleizbarrutiak bere nortasuna eratu izan dau”. Laikotzagaz eta laikoen “heziketa eta partaidetzagaz” izandako konpromisoa be nabarmendu dabe. 

Beti eban berba gozoren bat

Anabella Barroso Bizkaiko Eleizaren Historia Artxiboko zuzendariak hartu-emon estua izan eban Ubietagaz. “Jose Angelen heriotzaz atsekabetuta idazten dot. Beti gogoratuko dot bere hurkotasun, apaltasun, gizatasun eta jarrera onagaitik. Beti eban berba gozoren bat eta oroimen bikaina. 1995 aldera, ETPIan laguntzaile eta Ahozko Iturrien Egitaraurako arduradun nintzala (Josetxu Villacortaren eskutik lekukoa hartuta), Jose Angel alkarrizketatu neban eta urtebetez, astez aste, bere bizitza eta Eleizbarrutiaren historia kontatu eustazan. Orduko oroitzapen asko daukat. Jose Angel, Eleizbarrutiaren historia da, bera prozesu gehienetan agertzen da erantzukizun batekin edo bestearekin. Besteak beste, 1976an, Artxibo Historikoa martxan jarri eban. Gizon eredugarriari agur esan deutsagu, baina maitasunez gogoratuko dogu bere apaltasun, argitasun eta, batez be, hurkotasunagaitik. Goian bebo! Betira arte, on Jose Angel!”.

Zerbitzari zuhur eta leial

Jaime Lopez Eguílaz Eleizbarrutiko liburutegiko arduradunak gogoan dau Jose Angeli bere “paper eta liburuak” ordenatzen laguntzeko enkargua jaso ebanekoa.

“Urte bi emon nebazan beragaz alkarlanean; astean egun biz alkartzen ginan Ercilla kaleko bere bizilekuan. Begoñako Beneragarrien etxera joan aurreko urratsa zan eta gauzak ondo egin gura ebazan, hau da, bere liburuak eta agiriak zegokien lekura bideratzea, hau da, liburutegira, Historia Artxibora edo Kuriako Artxibora.

Alkarrizketa sakonak izan genduzan eskuartean geunkazan paperen argitan; erabakiak hartu eta lan horretan jabetu nintzan barriro be Eleizbarrutiari, fedez eta leialtasun osoz, eskaini deutsan zertitzuaz.

Zerbitzari zuhur eta leiala izan zan, eta Eleizbarrutian gertatutako edozein txikikeriak be bere jakin-mina bizten eban. Jerusalemeko Bibliaren arloan urtetan egindako lana itzi deusku, besteak beste.

Gero be askotan egon nintzan beragaz eta beti adierazoten eustan bere esker ona egindako lanagaitik”.

Goian Bego Jose Ángel!

José Ángel Ubieta