22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Carlos Olabarri, Ministerio Ordenaturako Idazkaritzako zuzendari barria
01.06.2023

Carlos Olabarri, Ministerio Ordenaturako Idazkaritzako zuzendari barria

Carlos Olabarri Arratialdeko parroko eta Adin txikikoen eta Sexu Gehiegikerien Biktimen Babeserako Bilboko Eleizbarrutiko Batzordeko zuzendariak hartuko dau Rafa Saezen lekua Ministerio Ordenaturako Idazkaritzako arduradun lez. "Esker onez" hartu dau bere gain ardura hau, berarengan jarritako konfiantzagaitik, eta "arduraz", pertsonei, eta kasu honetan Eleizbarrutiko abade eta diakonoei, lagun egiteak ardura handia eskatzen deutsalako.

Ministerio Ordenaturako Idazkaritzako zuzendaritza barritu egin da, 2023ko apirilean martxan jarri zan prozesuari amaiera emon ondoren. Carlos Olabarri izango da zuzendari aurrerantzean, orain dala 9 urte mandatu hau jaso eban Rafa Saezen lekukoa hartuz. 

Gaur, hain zuzen be, ministerio ordenatuaren deialdiari erantzunez, eleiz gizon eta eleiztarrak batuko dira abadegintzaren urteurrenak ospatzeko. Eukaristia ospatuko da eguerdiko 12:30etan eta, eleizkizunean bertan, aparteko autorpena egingo jako Jose Angel Ubieta abadeari, Bizkaiko Eleizaren esanetan egindako ibilbide oparoagaitik. Gaur egun, Ubieta da Bilboko Eleizbarrutiko abadeen artean zaharrena. 

Prozesua

Kerman Lopez bikario nagusiak azaldu ditu zuzendari barria aukeratzeko emon izan diran urratsak. Dei egin jaken diakono eta abadeei, euren ustez, Ministerio Ordenaturako Idazkaritzak, (MOI) “orain arte lez egunetik egunera aldatu egiten dan gizataldeak giza alderdian, alderdi espiritual eta pastoralean eta heziketa arloan dituan beharrizanei erantzuten jarraitzeko” egokien dauan osaketaren inguruko eretxiak emon eiezan. 

Azterraldia egin ondoren, hemeretzi erantzun jaso dira, “batzuk taldean egindako gogoetaren emaitza”, eta idazkarita osatzeko egokitzat jotako pertsonen izenak be proposatu dabez.

On Joseba Segura gotzainak, jasotako eretxiak kontuan hartuta, Carlos Olabarri Echevarria abadea izendatu dau Ministerio Ordenatrurako Idazkaritzako zuzendari eta azterraldian jasotako aholkuak kontuan hartuta, talde barria osatu daiala eskatu deutso. 

Historia

1989aren amaieran, On Luis Maria Larrea gotzainak gotzain bikarioek eta idazkari exekutiboak osatzen eben taldeari emon eutsan Eleizbarrutiko eleiz gizonei giza alderdian, alderdi espiritual eta pastoralean eta heziketa arloan behar eben laguntza emoteko ardura. Holan sortu zan Abadeentzako Bikaritza Zerbitzua (ABZ). Denporak aurrera egin ahala, beste hainbat abade txertatu zan taldean, lurraldez lurralde zuzeneko arreta emoteko abadeei.

On Ricardo Blazquez gotzainak diakonotza ezarri ebanean, Ministerio Ordenaturako Idazkaritza (MOI) deitu zan. Kideak be aldatu egin dira: zuzendari eta abade nagusien ordezkariaz gainera, azken ordenatuen ordezkaria, diakonoa, atzerriko abade ikasleen laguntzailea eta bikario nagusia sartu izan dira. 

Esker ona aurreko taldeari

Bikario nagusiak esker ona adierazo deutse, euren prestatun eta arduragaitik Rafa Saez zuzendariari, Andoni Gerrikaetxebarria abade nagusien ordezkariari, Borja Uriarte azken ordenatuen ordezkariari, Gonzalo Eguia diakonoari eta Nestor Aras atzerriko abade ikasleen laguntzaileari. 

Rafa Saez, gertutasun eta maitasuna

Idazkaritzako zuzendari dan Rafa Saezen esanetan, bere egiteko nagusia hauxe izan da: “gertutasuna eta arreta eskaini askotariko sentsibilitateei eta talde bakotxaren burujabetza gorde”. Bere ustez, garrantzitsua da “hoztasun gehien sentitzen daben” abadeen ondoan egotea, eta alkarte osoari dei egitea, abade nagusiez arduratu daitezan. Etenbako heziketaren garrantzia eta ministerioa “Jainkoarenganako eta besteenganako esker onetik eta pozik” bizitzea be bere arduraldiko ardatz izan dira.

Eleizbarrutian, hainbat lekutan zerbitzatu izan dau: meatza inguruan, 9 urtez Kongoko Errepublika Demokratikoan Eleizbarrutietako MIsinoakaz, Sodupen, La Peñan, Eleizbarrutiko seminarioko errektore, Otxarkoaga-Txurdinagan, San Inazio Pastoral Barrutian eta, gaur egun, Etxebarriko San Esteban parrokian.

Rafa Saez