Klausurako monjak lehenengo aldiz mundura eroan ebazan espedizinoaren mendeurrenaren hasierako ekitaldiaren bezperan ospatuko da Berrizen mahaien esperientzia, 18:00etan.
Lehenengo fundazinoak sortu ebezan lekuetako hiru monjek parte hartuko dabe: Angela Liu (Taiwan), Isabel Seman (Saipan-Mikronesia) eta Filomena Hirota (Japonia). Lehenengo espedizino ha euren lurraldera iritsi izanak alkarteentzat zer esan gura izan eban eta alkarte horreek gaur bizi daben egoera azalduko dabe.

Eleiz eta herri agintariak izango dira inaugurazinoan
Esperientzien mahaiaren ostean, bihar -zapatua-, mendeurrenaren hasiera ofiziala egingo da. Eukaristia ospatuko da 11:00etan, On Joseba Segura Bilboko gotzaina buru dala eta eleizbarrutiko abadeak, mesedetako abadeak jesuitak eta Ekuadorren egondako hainbat misiolari alkar-meza emoten dirala. Mesedetakoek be parte-hartze esanguratsua izango dabe eleizkizunean eta bertan izango dira herri agintariak be, besteak beste, Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikorako sailburua, Orland Isoird Berrizko alkatea eta Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzarako Foru Diputatua. Mezaren eta ohorezko aurreskuaren ostean, mesedetakoek hamaiketakoa eskeiniko deutsie bertaratutakoei.
Sei emakume, bultzada bera
1926ko irailaren 19an hasi zan historia hau, Berrizko Bera Kruz mesedetakoen monasterioko -1541ean sortutakoa- sei monjak klausura itzi eta Txinako Wuhura joan ziranean. Kongregazinoa behin betiko mundura zabaltzea ekarri eban bidaia harek. Urte bi inguru nahiko izan eben espedizino barriak antolatzeko: Saipanera (Islas Marianas), Tokiora (Japonia) eta Pohnpeira (Islas Carolinas)
Hona hemen lehenengo sei misiolariak eta euren jatorria:
Mª Begoña Dochao, Bilbokoa (1884ko azaroak 22)). Urte biz Wuhun nagusi izan ondoren, 1926an heldu zan Japoniara eta Tokioko nagusi izan zan 1949ra arte; 1931ean Koeneko ikastetxea sortu eban eta zuzendari izan zan bertan 1964ra arte. Tokion hil zan 1965ean.
Josefina Bilbao, Bilbon jaiotakoa (1885eko maiatzak 9). 1906an sartu zan monasterioan, Berrizen klausurako kontenplazinozko bizitza bizi zanean. Wuhun hizkuntza ikasi eban ‘Madres Auxiliatrices del Purgatorio’ ordenakoakaz eta nagusi, bikario eta nobizien maistra izan zan. 1951an itzuli zan Berrizera eta hemen hil zan 1962an.
Expectación Echaniz, Azkoitian jaiotakoa (1885eko irailak 30). Hogeta bost urtez bizi izan zan Wuhuko misinoan, hango monjen heziketa-buru lez eta umezurtz-etxeaz arduratuz. 1951ean misinoa itzi behar izan eban eta 1962an hil zan Berrizen.
Auxilio de María Urízar Eibarren jaio zan (1882ko otsailak 3). Misiolari gaztetatik, bizitza osoa emon eban misinoen zerbitzura, 1963an Berrizen hil zan arte.
Encarnación Vicandi, Iurretako alaba (1901eko otsailak 4). Hogeta bost urte egon zan Txinan; umezurtz-etxea sortu eban eta ha zaintzeaz arduratu zan erregimen komunistak agindutako kanporatzearen eraginez 1961ean Espainiara itzuli behar izan eban arte. 1973an hil zan Berrizen.
Aurora Chopitea, Markinakoa (1882ko abenduak 3). Wuhun izan zan misiolari eta beranduago Saipanen, eta hemen emon eban bizia apaltasun eta eskuzabaltasunez. Berrizen hil zan 1963an.
Ehun urteren buruan jarraipena dauan ondarea
Margarita Maria Lopez de Maturanaren bultzadari esker bihurtu zan klausurako monasterioa kongregazino misiolari. Barri Ona Berrizkko hormetatik harago iragartzeko nahiak eraginda, klausurako bizitzatik emon eban bultzada hori. Bere uste sendo haregaz bat egin eben barnetegiko ikasleek -hemen sortu zan gazteen lehenengo misino-alkartea Espainian-. Beranduago, alkarte osoak egin eban bat uste sendo honegaz eta horren ondorioz atara ziran klausuratik 1926an.
Bazenkian Berrizen aparteko museoa dagoena? #alkartuta
— @DiocesisBilbao (@DiocesisBilbao) September 17, 2026
¿Quién era esta monja que sacó la clausura al mundo desde Berriz? Una vida excepcional en un museo particular. pic.twitter.com/w1qpl2ELcH
Ahun urteren buruan, Berrizko Mesedetako Misiolarien sendia -lekaimeak eta laikoak- bost kontinenteetan dago. Gainera, bizirik eusten deutso ondare hari «Mugak zeharkatuz bizia emoteko» goiburuaren harira. Monjek eurek azaldu dabenez, «ez muga geogradikoakbakarrik, baizik eta sozialak eta gizatiarrak: bazterketa, bakardadea, itxaropenik eza edo ahuleziazko egoera barriak».
Mendeurreneko egitaraua, bitarteko grafikoak eskuratzeko eta 2028ra arte aurreikusitako jardueren inguruan gehiago jakiteko, mendeurrenerako web ofizialera jo..







