22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Gotzaina 5 “Eleiza ez da ez menderatzaile ez arautzaile izango”
25.10.2024

“Eleiza ez da ez menderatzaile ez arautzaile izango”

Bilboko gotzainak 'Nueva Economía Fórum' dalakoak antolatutako gosari informatiboan parte hartu dau. Politika, eleiz eta enpresa arloko 160 lagun ingururen aurrean berba egin dau eta Elena Unzueta Caritas Bizkaia erakundeko zuzendariak aurkezpenean aurreratu dauanez, On Joseba Segura gotzainak "ez dau inor epel itzi". Bilboko Eleizbarrutiaren ekonomia eta pastoral jardueraren inguruko azalpenak emon ondoren, fedearen balio sozial eta pertsonalaz jardun dau. Europan, hedatuta dagoan krisiari lotuta, kristautasunak bizi dauan krisia aitatzeaz gainera, Eleizak etorkizunari aurre egiteko dituan erronkak be errepasatu ditu.

Bertaratutakoen galderei erantzuna emon aurretik, baieztapen sendoa egin dau: “kristau alkartea gizarte integratuaren jardunbidean laguntzen saiatuko da, baina ez da ez menderatzaile ez arautzaile izango”. Honen haritik azaldu dauanez, kristau alkarte barria, “txikiagoa izango da, zerbitzuzko bokazino argiagaz, bidean aurrera egingo dau sekula bakarrik edo zabu-zabuka ez doala sinisten dauanaren fede eta itxaropenak sustatuta”

Ekonomia eta pastoral datuak

On Joseba Segura gotzainak, berbaldiaren hasieran, ekonomia eta pastoral jardueraren inguruko zenbakiak emon ditu. Eleizbarrutiaren jardun nagusia mezak eta sakramentuak ospatzea daneko uste orokorra desegin egin dau: “Eleizbarrutiak urterako dauan aurrekontutik -134 miloe-, bakarrik 11 miloe (%8,2) dira parrokia jarduerarako. Beste hainbat gairen inguruan be jardun dau: heziketa, gizarte ekintza, eraikinak “291 parrokia eta euren tenpluak, 345 ermita, beste sasoi baten lekuko”, abade-kopurua eta laikotza, “batez be emakumeak”, pastoralgintzan eta boluntario lanean aritzen diranak. 

Eleizaren finantzaketa

BIlboko gotzainaren esanetan, pastoralgintzako eta misinoetako jarduera gehienak Eleizaren beraren bitartekoakaz burutzen dira, “autofinantzaketa %87koa” da-eta.

PFEZren bidez jasoten dan diruari dagokionez, %22 da. Mezu argia itzi dau jentearen dohainen inguruan: “Estatuko ogasunak %80 itzultzen dau 250 eurora arte. Hemen, gehienezko itzultzea zerga-oinarriaren %35ekoa da”.

GOtzaina Bilboko alkatearen eta Batzar Nagusietako presidentearen artean.

Fedearen balio pertsonal eta soziala

Bere esanetan, fedea, “funtsezko galderei erantzunak emonez, pertsonen bizitza eratzen dauan mundu-ikuskera da”. Alderdi sozialari dagokionez, zera nabarmendu dau: “gizarte kohesinoari eusten deutsan eta kanpoko eta barruko alkarte egiturak sendotzen dituan indarra da”. 

Ohiko fedeari lekua kendu deutse

Gotzainak ohiko fedearen inguruan be gogoeta egin dau, “beste fede batzuk” lekua kendu deutsela esanez. Bere ustez, hiru dira gaurko gizartean agertzen diran aukerak: “zientzia eta bere ‘produktu izarra’, teknologia, zoriontasuna eta ongizatea lotzen dituan aukera eta ‘ni bakar, handi eta askea'”. Kontu honen inguruan, bere esanetan, nabarmena da, “bizitza on eta baliotsuari buruzko ikuspuntuen zatiketa”.

Europa, Eleiza eta kontinente periferikoa

Munduko kristau-kopuruari buruzko datu orokorrak –“gorako joerari eusten jako, Europan katolikotasunaren ahultzea nabarmena bada be”- emon ondoren, europar erakundeek Ukrainako gerran egiten diharduena aztertu eban. Bere ustez, “bere burua nagusitzat” dauan Europak ez dau entzuten eta “harro” agertzen da. Izan be, “Ukrainian egindako probak huts egin dau” eta orain gerra negargarrian sartuta dago eta horrek, askoren uztez, “mendebaldearen nagusitasunaren gainbehera eta ordena multipolar barriaren sorrera” agertzen dau.

Erronkak

“Txikiagotze-prozesua iraganaren mira barik onartu, Eleiza txikiagoa baina sendoagoa eta nortasun handiagokoa eraikiz”, horixe da gotzainak atara dauan ondorioetako bat.

Galderen tartean, hainbat kontruren inguruko erantzunako emon ditu: gehiegikeriak, gotzain laguntzailea, Beloradoko monjak, abuztuaren 15eko homiliaren oihartzunak…

Berbaldia osorik:

Joseba Segura Fórum Europa