02-05-2026 Sábado, IV semana - pascua
30.03.2026

Gotzaina buru dala ospatuko da gaur Nazaretarraren prozesinoa

Gaur arratsaldez Nazaretarraren prozesino tradizional eta jentetsua ospatuko da Bilbo Zahar, San Frantzisko eta Zabala auzoetan. Iaz kofradiaren Ohorezko domina jaso eban On Joseba Segura Bilboko gotzainak parte hartuko dau aurton be. Astelehen Santuz, Gure Aita Jesus Nazaretarraren Errege kofradiak Nazaretarraren prozesinoa egiten dau. Iluntzeko 20:30etan abiatuko da Asisko San Frantzisko parrokiatik (Quinta parroquia).

 

Nazaretarraren prozesinoan, barriro batuko dira kantu flamenkoa eta euskera, Juanjo Navas bilbotar flamenko-kantariari esker, Beñat Arginzoniz olerkari euskaldunaren idatziakaz. Eurona da euskerazko lehenengo disko flamenkoa.

Iaz, leku desbardinetik abestu ziran saetak, hain zuzen be Laguna eta Cortes kaleen kantoian, jentearengandik hurrago egoteko.

Prozesinoaren ibilbide tradizionala berreskuratu da: Cortesetik San Frantziskora jatsi ondoren, hau zeharkatuko dau azkeneraino, irteerako puntu dan Asisko San Frantzisko parrokian (“Quinta parroquia”) amaitzeko.

Historia

2022an, Gure Aita Jesus Nazaretarraren Errege Kofradiak 75. urteurrena ospatu eban. VIctor Diez Cantera Bilbon ospetsu dan eta kalea be badaukan Calixto Diezen semeak sortu eban 1947an. 

Calixto Diez udal maisua izan zan, zuhaitzaren eguna izendatu eban eta uriko hainbat lekutan bere ekimenez landatutako zuhaitzak dagoz. Victor Diaz Cantera semea, kofradia hau sortu aurretik, Sevillako Aste Santuan egonda egoan eta baita Madrilen be, eta egundoko zirrara eragin eutson Medinaceliko Kristoaren irudiak. Irudi honen kopia lortu gura izan eban Bilborako eta kofradia barria sortzea be pentsatu eban. Asisko San Frantzisko parrokian ideia aurkeztu eta harrera ona izan eban.

Gizarte lana

Bilboko Kofradien Ermandadeko kide izan eta Bilboko Aste Santuan parte-hartze eraginkorra izateaz gainera, gizarte lana da kofradia honen helburua. 300 lagun inguruk jarduten dau egiteko horretan, gaixoei eta pertsona nagusiei bisita eginez eta askorariko erakundeei lagunduz.