Historia:
2022an, Gure Aita Jesus Nazaretarraren Errege Kofradiak 75- urteurrena ospatu eban. Bilbon oso ezaguna dan eta kale bat be badaukan Calixto Diezen semeak, Victor Diez Canterak sortu eban 1947an. Calixto Diez udal-maisu izan zan, zuhaitzaren eguna ezarri eban eta bere ekimenez landatutako zuhaitzak dagoz uriko hainbat lekutan. Victor Diaz Cantera bere semea, kofradia sortu aurretik, Sevilla eta Madrileko Aste Santuan izan zan askotan eta Medinazeliko Kristoren irudiak egundoko zirrara eragin eutsan. Irudi horren kopia lortu nahi izan eban Bilbora ekarteko eta kofradia barria sortzea be bururatu jakon. Asisko San Frantzisko parrokian ideiok azaldu eta ontzat jo eben proposamena.
Saetak euskeraz
1947an sortu zan kofradia barria eta lehenengo urteetan, beste kofradia batzukaz batera, Eguen eta Bariku Santuko prozesinoetan parte hartu ondoren, 1953an, Nazaretarraren lehenengo prozesinoa ospatu eban Astelehen Santuz eta gaur arte eutsi deutso ohitura horri, urtez urte ibilbide bera eginez, pandemian izan ezik. Milaka lagunek parte hartzen dau eta badira urte batzuk saeta batzuk euskeraz kantatzen hasi ziranetik.
Gizarte lana
Bilboko Kofradien Ermandadeko kide da eta era aktiboan parte hartzen dau Aste Santuan. Horrezaz gainera, urtean zehar, gizarte lana burutzen dau, 300 lagun ingururen laguntzagaz, gaixo eta pertsona nagusiak bisitatuz eta hainbat erakunderi euren jardueretan lagunduz.