20-11-2024 Miércoles, XXXIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Juan Ignacio Bilbao Alcatena onberatasun handiko gizona hil da
25.03.2024

Juan Ignacio Bilbao Alcatena onberatasun handiko gizona hil da

Martxoaren 23an, zapatuz, Juan Ignacio Bilbao Alcatena Eleizbarrutiko abadea hil zan Bilbon, 92 urte ebazala. Bere arimaren aldeko hileta-eleizkizuna gaur ospatuko da 18:00etan, Plentziako Andra Maria Magdalena parrokian. 

Juan Ignacio 1931.eko irailaren 19an jaio zan eta Indautxuko Karmeneko Ama parrokian egin zan abade, 1960.eko ekainaren 29an. Abade egin ondoren, Plentziara bialdu eben, Andra Maria Magdalena parrokiara eta bertako organista be izan zan.

Osasunez makal, aspalditik bizi izan da Monte Avrileko Jesusen Bihotza etxean, eta orain dala hilabete batzuk Eleizbarrutiko hainbat abade bizi dan Erruki-etxera lekualdatu zan bere arreba Mª Carmenegaz batera. 

Musika

Juan Ignacio, jaiotzez plentziarra zan. Zazpi anai-arreba ziran eta gazteenak, Juan Ignacio eta Begoña, erlijiosoak ziran. Danek eben oso gustuko musika, baita abadeak be. Amak oso ondo joten eban pianoa, bere arreba Maria Luisa, irakasle zan Bilboko kontserbatorioan, bere anai Luis Txilera joan zan, eta Tomas, sendagile izan zan Leioan. Ignacio Bilbao bere anai nagusiaren semearen esanetan, “familia harmoniatsua izan gara, ondo moldatu izan gara”. ia bizitza osoan beragaz bizi izan dan Mª Carmen arrebaren esanetan, gizon ona, maitagarria eta atsegina zan, “danek maite eben”.

Belen bere lobak maitasunez gogoratzen dau eta bizitza osoa fedetik bizi izan ebala dino: “Hortxe hasten eta amaitzen da guztia”.

Belenek azaldu dauanez, Plentziako abade zala, eguneko lehenengo mezan izaten zan buru. Gero korura igoten zan -mobitzeko arazoak baebazan be distrofia muskularra jasateagaitik- eta organoa joten eban gainerako ospakizunetan. “Gizon apala izan zan. Katekesiko eta sendotzako taldeetako ume eta gazte askoren heziketaz arduratu zan eta Gorlizen ingresatuta egozan umeekin jardun eban eta lagun egin eutsen, sarri joaten zan-eta bertara bere gatxak zirala-eta”.

Juan Ignacio Bilbao Alcatena
Gaztetako argazkia

Gaixotasuna

Gaztetatik jasaten eban distrofia muskularrak asko mugatu eban bere bizitzan. Hainbat bider jausi zan eta behin aldaka apurtu eban. Orduantxe erabaki eben Mª Carmen bere arrebak eta biek Monte Avrileko egoitzara bizitzera joatea, Plentziako etxean, zailtasun ugari eban-eta mobiduteko. Monte Avrilen Jesusen Bihotza ordenako monja zan Begoña bere arreba bizi zan. Hogeta bost urte emon ebezan han.

Ignacio bere lobak azaldu dauanez, “osabak umore ona eukan. Gizon apala, zintzoa, alaia, espirituala eta onberatasun handikoa izan zan”, oso gustuko eban lobakaz jolaseta eta honeek “asko maite eben”.

Osabak jasaten eban endekapenezko gaixotasunaren aurrean eban jarreraren garrantzia nabarmendu dau Ignaciok: “borondate hertsia. Ibilteko gauza izan zan, ezinezkoa emoten ebanean eta koruto eskailerak be igo egiten ebazan”. Sotana eta guzti bere “velosexean” -motor-bizikleta- jarri eta katekesia emotera joaten gogoratzen dau. “Sekula ez eban gehiegikeriarik egin, ez eban ez edaten ezta errezen be. Beste edonor, lehenago hilgo zan gaixotasun horregaz”.

“Osaba Juan Ignaciok azkenera arte izan eban ume baten begirada, bere arimaren isla, beti Jainkoarengandik hurran. Eta 92 urte hartu ebazan” (Ignacio bere loba)

Plentziako gaur egungo organistak ez dau ondo gogoratzen noiz joan zan Juan Ignacio herritik, “80ko hamarkadaren erdi edo azkenean izango zan. Anton Linaza eta Juan Mª Markaida izan ziran Plentzian beragaz batera abade izan ziran azkenak. Jose Luis de la Fuente heldu zanean, bera ez egoan”.

Lobaren batek be azaldu dauanez, Juan Ignaciok meza guztietan joten eban organoa: “hanketan arazo larria eban arren, organoa jotera igoten eban. Azkenean, harmonium bat ipini eutsen animen altaran, orain organo elektronikoa dagoan lekuan, joteko aukera izan eian eta hortik meza emotera igoten zan”.

Partiturak

Orain mezetan kantatzen diran abestien partiturak berak transkribatu ebazan. Organistaren esanetan, “koruan dagoz gordeta eta erabili egiten dira gaur egun be. Niri organoa joten erakutsi eustan, nik gero kontu hori alde batera itzi baneban be, ez neukalako astirik. Umeen korua sortu eban parrokian eta katekesiaz arduratzen zan. Joan zanetik, gitxitan ikusi neban, baina gizon atsegin eta maitagarri lez gogoratzen dot”.

Goian Bego!

Juan Ignacio Bilbao Alcatena