02-05-2024 Jueves, V semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Eleizbarrutiko asteko barriak
09.07.2023

Eleizbarrutiko asteko barriak

Astean zehar webgunean argitaratutako barri nagusiak laburbilduta eskaintzen deutsuguz. Bizkaiko Eleizan asko dira aurrera eroaten diran ekimenak eta webgunean euron arteko batzuk baino ez dira batzen. Zure parrokian, erakundean zein eleiz alkartean gertatzen danaren barri emoteko helbide honetara idatzi zeinke: komunika@bizkeliza.org

Udako kontuak izan dira nagusi, aste honetan be, web orrialdean, izan be, uztailean, hainbat kanpamentu hasi eta amaitu egiten da.

Hainbat erakunde, lurralde eta proposamenek martxan jarten diharduen kanpamentuen ingurukoak agertzen dira laburpenaren hasieran eta, horreekaz batera, amaitzear diran ekimenei buruz be jarduten da.

Berriotxoako San Balendin eta misino-bialketa

Webean, Bizkaiko bigarren zaindariaren egunaren barri emon da.

Elorrion ospatu da Eukaristia, On Joseba Segura gotzaina buru dala, eta azkenean, Jaione Lopez gazteak misino-bialketa jaso dau.

Datozan urte bietan, Jaionek Berrizko Mesedetako Misiolariek Asiako herrialdean kudeatzen daben egitasmoa lagunduko dau.

On Joseba Segura gotzainak, homilian, Kongoko Errepublika Demokratikoan bizi barri dauan esperientzia aitatu eban: “Han, Eleiza gaztea aurkitu dot, poz-pozik dagoan Eleiza, fedea, kantu eta dantza adierazgarri eta alaien bidez ospatzen dauan Eleiza. Benetan, arazoak asko dira eta beharrizanak, itzelak. Gatxa egiten jaku protagonista barrien hainbat jokaera era jarrera onartzea, gureakaz alderatuz guztiz desbardinak diran erak dabezalako pentsatzeko eta bizitza ulertzeko. Baina gauza bat dago argi: lurralde hareetan, pertsona hareen artean, Barri Onak badau etorkizunik, alkarteak oso gazteak diralako eta kristau mezuak gizartean zirrara handia eragiten daualako, haziz doan zirrara eta eragina”.

Batzarra afrikar misiolariakaz

Elorrion aitatu eban bidaia honen haritik, gotzaina, sasoi baten ala bestean, afrikar herrialdean egondakoa dan hainbat misiolarigaz batu zan. Gotzainak berak zein “Mufungaren Adiskideak” eta “Goikuria” fundazinoetan laguntzen dauan eta bidaian gotzainaren bidelagun izan dan Iñigo Iriartek bizi izan daben esperienziaren barri emon eutsen.

Egitasmo guztiak bisitatu ondoren, gotzainaren ustez, “etorkizunean, Xabier Goikuriaren lan asko afrikarrek eurek kudeatuko dabe”. Orain, Goikuria bera han da eta egitasmoak era batera kudeatzen dira, baina, etorkizunari begira, bera ez dala be martxan jarraitzeko moduan antolatuta dagoz.

Afrika

Webean jakitera emon danez, Jose Angel Agirre Mendatako jaberiar frailea Afrikara bueltatu da, Kamerunera, hemen denporaldi bat igaro ondoren.

Frailearen esanetan, “oso pozik nago, moldatzen naz frantsesagaz eta ahalik eta laguntza onena emoten saiatuko naz. Hirurogeta bost urte ditut,sasoi onean nago eta Afrikan jarraitu gura dot osasunak laguntzen deustan arte”.

Santa Marina

Beste barri hau be nabarmendu da webean: Bizkaiko Caritasen eskutik, talde batek 4 urte daroazala “Santa Marina ospitaleko gaixoei itxaropena eroaten”.

Gaur egun, 13 lagunek eskaintzen dabe Bilboko Eleizbarrutian eta arreta erlijioso eta espiritualerako zerbitzutik (AEEZ) eta Caritasetik akonpainamendu hori, astero itxaropena eroanez Santa Marina ospitalera. Ospitaleko langileek, eta batez be gizarte-langileek eta gaixo eta erabiltzaileen arretarako zerbitzuak (G.E.A.Z.) be laguntzen deutse gaixoen, boluntarioen eta profesionalen bihotza beteten dauan egitasmo honi.

Uda eta bizikidetza

Webean jakinarazo danez, Migratzaileen aldeko Jesuiten Zerbitzuak, Ellacuria Fundazinoaren laguntzagaz, antolatuta “bizikidetzaren pedagogia” ikastaroa ospatu dau BIlbon, eta bertan Eleizbarrutiko ordezkaritza izan da. Estrella Moreno ETPIko zuzendaria, Bizkaiko Caritaseko ordezkariak eta Miguel Angel Esnaola ekumenismorako eta erlejinoen arteko hartu-emonerako Eleizbarrutiko ordezkaria izan dira bertan. 

Miguel Angel Esnaola ekumenismorako eta erlejinoen arteko hartu-emonerako Eleizbarrutiko ordezkariak ikastaroko saio batean jardun eban. Bere berbaldian, Bilboko Eleizbarrutiak, Ellacuria Fundazinoagaz eta Onda Euskadi alkarte musulmanagaz batera, ureetan garatzen diharduan askotariko proposamenen oinarritzea azaldu eban. Euren esanetan, “erlejino aniztasunak gero eta nabarmenagoa da gure uri eta herrietan eta bizikidetzarako eremu egokia eratzeko baliagarri izan daiteke”.

Beste alde batetik, webean iragarri danez, uztailean eta abuztuan, lau abade filipinarrek Eleizbarrutiko pastoralgintzan lagunduko dabe. Holan, Eleizbarrutiko abadeek oporrak hartzeko aukera izango dabe eta zerbitzuak eskaini egingo dira. Emmanuel eta Ryanek II. bikaritzan jardungo dabe, Nicok IV. bikaritzan eta Fryanek VI. bikaritzan.

Zeanuriko kristau alkarteak eta auzotarren talde batek martxan jarri dauan ekimena be nabarmendu da: Arratia bailarako herriko ermitak apurka-apurka zaharbarritu.

Hauxe da Astekoak, Eleizbarrutiko asteko barriak