25-04-2024 Marcos evangelista
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Eskaut gazteria eta Caritas, Gorka Deunaren egunean
18.04.2023

Eskaut gazteria eta Caritas, Gorka Deunaren egunean

Datorren domekaz, apirilak 23, Bizkaiko eskautek euren eguna ospatuko dabe Bilboko Avril mendian. Bi mila eta bostehun eskaut inguru batuko da Gorka Deuna ospatzeko. Aurtengo ospakizunak badau berezitasun bat, izan be, Bizkaiko Caritasek bat egingo dau eskautakaz 'mundu hobearen alde' lan egiteko asmoagaz.

Datorren domekaz, apirilak 23, 2.500 eskaut inguru batuko da Bilbon Gorka Deuna ospatzeko. Euskalerriko Eskautak Bizkaia mobimentua arduratu da antolaketaz eta “Mundua elkarrekin eraldatzeko prest” goiburuaren haritik ospatuko dabe euren eguna. Ildo horretatik, Bizkaiko eskaut mobimentuak eta Bizkaiko Caritasek mundu hobearen alde eragile eraldatzaile lez egiten daben lana ezagutzera emon gura dabe.

Egun osoko ospakizuna

Egun osoan ospatuko dabe Gorka Deuna. Goizeko hamarretan batuko dira Avril mendian eskaut gazteak eta euren begiraleak.

Garraio publikoari emongo jako lehentasuna eta hainbat taldek oinez egingo dabez ibilbidearen zati batzuk Artxanda ingurura heldu arte. Han, jentea adinaren arabera taldeetan banatu eta dinamikak garatuko dabez kultur aniztasunari eta alkarte abegitsuei buruz. Txandaka, familiek eta begirale ohiek Bizkaiko Caritasen standak bisitatuko dabez, gure lurraldean burutzen dabezan askotariko egitasmoak ezagutu ahal izateko.

Goizeko jarduerak amaitu ondoren, ospakizuna, bazkaria, ikuskizunak eta arratsaldeko erromeria etorriko dira. Antolatzaileek txosna jarrita eukiko dab egun osoan eta eskaut ‘merchandising’ dalakoaren salmentarako eremua be atonduko dabe.

Eskautak-Caritas prentsaurrekoa
Prentsaurrekoa

B plana

Euria egin ezkero, gazteak inguruko hainbat ikastetxetan batuko dira.

Dana dala, iragarpenen arabera, datorren domekaz ez dau euririk egingo.

Eskaut mobimentua

Eskaut mobimentua, kristau seneko mobimentua da eta Aisialdian heziz mundua aldatzea da bere xedea, osoko heziketa eskaini eta pertsona aske eta kritikoak, gizarte zuzen eta solidarioagoaren alde konprometitutako pertsonak lortzeko. Ez da mobimentu alderdikoia, ez dau irabazi asmorik eta boluntarioez osatuta dago. Eskut taldeak jarduera hezigarriak garatzen ditu aisialdian jardunbide jakin batez, eskaut jardunbideaz, izateko eta egiteko era jakin batez, baliatuz. Eskaut egitasmo hezigarria 8 eta 19 urte bitarteko gaztetxo eta gazteentzat da.

Euskalerriko Eskautak Bizkaia mobimentuak 50 urtetik gora daroaz federazino lez eta gaur egun 30 talde ditu Bizkaiko hainbat parrokia eta ikastetxetan. Talde horreetan, 2.000 gazte inguru dago eta 350 begiralek laguntzen dabe.

Gorka Deuna23