02-05-2024 Jueves, V semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Otoitzerako Munduko Sareak zuzendaritza dau Bizkaian
27.06.2023

Otoitzerako Munduko Sareak zuzendaritza dau Bizkaian

Lujan Mejias da Aita Santuaren Otoitzerako Munduko Sarearen Eleizbarrutiko zuzendaria. Bilboko Eleizbarrutian, lehenengo aldiz emon jako norbaiti mandatu hau, hilero aita santuak bere otoitzean kontuan dituan asmoak lurraldean zabalteko. Hilabete honetan, Frantzisko aita santuak tortura ezabatzearen alde otoitz egiten dau. Atzo, Torturaren Biktimei laguntasuna emotearen aldeko nazinoarteko eguna ospatu zan. Mejiasek Alkarren Barri-Comunicación aldizkariari eskainitako alkarrizketan, bere eleiz eta bizitzako ibilbideari buruzko hainbat zehaztasun emon dau.

Otoitzerako Apostolutzak gizadiaren eta Eleizaren erronkak zabaldu gura ditu hilero argitaratzen dan Aita Santuaren bideo baten bitartez. Hilabete honetan, Frantzisko Aita Santuak “zoritxarrez gure gaur egungo historiaren zati” dan tortura ezabatzea eskatzen dau. Atzo, hain zuzen be, ospatu zan torturak jasaten dabezan pertsonak gogoan izateko munduko eguna.

Luján Mejías, arlo honetako zuzendaria

Lujanek bere gain hartu dau Aita Santuak bere otoitzean kontuan hartzen dituan asmoak hilero zabaltzeko. Kontu hau gaztetatik egiten jako ezaguna, bere etxean “beti gogoan izan dabezalako” eguneroko otoitzaren asmoak. Asmo horreek, paperean jasoten ziran lehen, eta orri bakotxeko limosna bat emoten zan eta “mezak ataraten ziran hildakoen alde”. Orain, sarea online aurkezten da eta nomenklatura aldatu egin da. Otoitzerako Apostolutza zana, “Aita Santuaren Otoitzerako Munduko Sarea” da. 

Beste lagun bik lagunduko deutse Lujani egiteko honetan. Hilero, lagungarriak banatuko dabez jakin-mina dabenen artean paper euskarrian eta euskarri digitalean.

Aita Santuaren bideoak 200 miloe ikusteraino be iristen da

2016an Aita Santuaren lehenengo bideoa argitaratu zanetik, ekimen honek 90 gai ikutu ditu. Hogeta hiru hizkuntzatan argitaratzen da aldi berean eta bost kontinentetara heltzen da askotariko kanal digitalen bidez. Aita Santuaren Otoitzerako Munduko Sareak, tartean Gazteen Eukaristia-mobimentua, koordinatzen dau bideoaren ekoizpen eta errealizazinoa. Otoitzak lotzen ditu sare hau osatzen daben pertsonak. 

Luján Mejías