27-04-2024 Sábado, IV semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Hurrengo ‘Alkarren Barri-Comunicación’, urrian
06.06.2023

Hurrengo ‘Alkarren Barri-Comunicación’, urrian

Gaur argitaratu da Eleizbarrutiko aldizkaria euskarri digitalean. Ekainari dagokion alea, kurtsoko azkena da. 295. aleak Bizkaiko Eleizako gaurkotasun-barriak jaso ditu, ohikoa danez. Alkarrizketen sailean, bi nabarmentzen dira: David Garrido abadegaiari eta Filo Hirota Berrizko Mesedetako Misiolariari egindakoak nabarmentzen dira. Lehenengoa, datorren uztailaren 2an abade egingo da; bigarrena, aurrean dabil Eleizaren Sinodoaren prozesuan. Erdiko txostenean, joan dan maiatzaren 31an, Kultur Erakundeen Eleizbarrutiko Mahaiak antolatuta eta filosofia, zientzia, komunikazino eta hezkuntzaren arloan adituak diran partaideakaz, Euskalduna jauregian ospatu zan Adimen Artifizial eta Humanismoari buruzko jardunaldiaren ingurukoak jaso dira. 

Gaur egun, Eleizbarrutian argitaratzen dan aldizkariaren bederatzi ale argitaratzen dira urtean, euskarri digitalean zein paper-euskarrian. Gaur, Komunikabideetarako sailak kurtsoko azkena kaleratu dau eta urrira arte ez da beste alerik argitaratuko.

Dorleta Alberdi saileko zuzendariak eskerrak emon gura deutsez norbanako eta erakunde laguntzaileei “euren prestasun eta konpromisoagaitik” aldizkaria hilero argitaratu ahal izateko azken 33 urteotan. Hamar urte daroiez, beraz, Bizkaian 2.000 lagun ingururi banatzen jakon barri emonez, agerkari elebidun honetaz baliatuz. Honen haritik, Alberdin nabarmendu dauanez, “azken urteetan, eta, batez be, pandemiak eragindako egoeragaz, euskarri digitala bultzatu eta egokitu egin dogu. Horretarako arrazoia egokiena izan ez bazan be, emaitza aurreikusitakoa baino hobea izaten ari da”. Izan be, Eleizbarrutiko gertaeren barri emon izan jake beste perfil bateko lagunei sareen edo web orrialdearen bidez. 

Kurtsoko azken ale honen azalean, mapa eta udarako hainbat kokapen agertzen da: udako kanpamentuak, Gazteen Munduko Eguna Portugalen, bidaiatu, irakurri, otoitz egin, atseden hartu… Horreek dira oparoa izan daiteken udaldirako proposamen batzuk. Web orrialde honetan jasoko dira Eleizbarrutiko barriak egunero, “saila ez da-eta izten oporrak dirala-eta”. 

Laguntzaileak

Ohiko laguntzaileek euren artikuluak idatzi dabez ale honean be. Jaime Lopez Eguilaz Eleizbarrutiko liburutegiko kideak On Joan Maria Uriarte Donostiako gotzain erretiratuaren lan oparotik hautaketa egin dau, bere 90. urtebetetzea dala-eta. Datorren barikuz, ekainak 9, esker oneko Eukaristia ospatuko da eguerdiko 12:00etan Begoñako basilikan eta dei egin jake eleiztarrei parte hartu daien.

Anabella Barroso, Eleizbarrutiko Artxiboko  zuzendariak ale honetan jorratzen dauan gaia ‘datuei’ buruzkoa da. Adimen Artifiziala eta pribatutasuna dirala-eta, ahoz aho dabilen kontua dan arren, orain arte be nabarmendu egin dan gaia izan da.

Juan Manuel Gonzalez Cembellin Eleiz Museoko zuzendariak ‘Quinta Parroquia’ deitutako arrosa-leihoa aurkeztu deusku. Raquel Cillak, honek be museotik, San Antonio, Paduko San Antonio eta San Joan Bateatzailea ermiten ingurukoak azaldu ditu. 

Jose Ignacio Iturmendi misiolari ohiak Misinoen errepasoa egiten dihardu 75. urteurrena dala-eta.

Jesus Llarena Liturgiarako ordezkariak ospakizunetako hainbat sinbolo eta interesgune azalduz agertzen da.

Ernesto Diazen luma profesionalaz be gozatu daiteke eta Alex Andreuk zineari egiten deutsan begirada kritikoaz. 

Edukiak

Labayru Fundazinoari esker, ‘portuko emakumeak’ ezagutu geinkez. Oraingoan, euren “nortasun sendoa” azpimarratzen da. Egitasmoari eskainitako erdiko txostenak Gizarte Komunikabideen jardunaldiaren ingurukoak jasoten ditu. Ekitaldia maiatzaren azken egunez ospatu zan hiru unetan.

Ekaineko agerkarian, bete honeek be jasoen dira: Lourdeseko Hospitalitateak Erromara egin dauan erromesaldia eta Aita Santuagazko topaketa, bikario nagusiak Radio Popular-Herri Irratian emon eban alkarrizketa eta María Manriquek en Bizkaia Irratian emon ebana, Euskalerriko Eskautak Bizkaia mobimentuan dauan kargua Mikel Aspanoren esku jarri dabela jakin ondoren.