20-11-2024 Miércoles, XXXIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Gotzaina 5 “Otoitzaldi honek ez dau ezer itxi gura”
25.03.2023

“Otoitzaldi honek ez dau ezer itxi gura”

Gaur, Bilboko Eleizbarrutiak otoitzaldia ospatu dau sexu gehiegikerien biktimen oroimenez. Ekitaldi soila izan da eta sentimentuz betetakoa. On Joseba Segura gotzaina izan da buru eta Josu Lopez Villalba abade eta biktima be ospatzaile izan da. Eleizkizunean, plaka aurkeztu da, gure Eleizan sexu gehiegikerien biktima izan diranen oroimenez. Plaka hori katedraleko klaustroko hormetan zintzilikatuta geratuko da. Olibondoa da aurkeztu dan bigarren sinboloa. Hainbat biktimaren lekukotasuna be entzun da ekitaldian.

On Joseba Segura gotzainak homilian adierazo dauanez, ekitaldi honetan, “gure artean abusatzaileak izan dirala autortzen dogu”. Bere esanetan, pertsona honeek “ez dabe izan garana azaltzen, izan eta egin gura izan dogunaren kontrakoa baino”.

Gotzainak adierazo dauanez, “otoitzaldi honek ez dau ezer itxi gura. Ezinbestekoa da parkamena eskatzea, baina ez da nahiko”. Gotzainak zuzenean hitz egin deutse biktimei eta eskaintza be egin deutse: “entzun egin gura zaituegu, zuengandik ikasi eta askotariko gizarte eremuetan oraindik ezkutuan irauten daben gehiegikeriak argitara atara eta aurrez aurre jarri”.

Bilboko gotzainak esker ona adierazo deutse biktimei, “ulertzekoa dan moduan, zalantzekin, bain hurreratzeko eta gehiegikeriei aurre egiteko batzordeari eta neuri bizi izan dozuena kontatzeko urratsa emon dozuelako”. Jainkoari eskerrak emon deutsaz “biktimekin izandako batzar guztiengaitik, oso garrantzitsuak dira-eta guretzat eta aurrerantzean be horreetatik ikasten jarraitu gura dogu-eta”.

https://www.flickr.com/photos/68132755@N08/albums/72177720306974866

Biktimen oinazea

Berbaldiaren azken zatian, gotzainak biktimen nahigabea eta jasaten diharduen kalte psikologikoak aitatu ditu, eta “guzti horreek sendatzen hasteko nahitaezkoa da euren minaren arduradun zuzenak ezagutzea, biktimei entzuteko eremu seguruak eskaintzeko gauza izatea, lagun egin eta, behar izan ezkero, jagon eta zaintzeko”, esan dau.

Homiliaren amaieran, historia, “ona eta txarra” izan dau ahotan eta bakarrik nork bere gain hartuz izango garala “Egia osoaren lekuko” adierazo dau.

Gotzainak, amaitu baino lehen, eskaria egin deutso Jainkoari: “sekula ez daitela inongo gehiegikeria kasu gaitzesgarririk gertatu kristau alkartearen barruan edo bere egintzetakoren batean”.

Lekukotzak eta kandelak altarean

Carlos Olabarrik, Adin txikikoen batzordeko zuzendariak lekukotzak irakurten izan dauazan bitartean kandelak jarri dabez altarean biktimak eta kristinau alkarteko kide batzuk. Joseba Imanol Ibarra izan da azkena. Bere lekukotzea irakurri dau eta besarkadea emon deutsie gotzainari eta Josu Lopez Villabari.

Hunkigarria eta sentibera izan da ekitaldia.