Mobimentutik azaltzen dabenez, batzar nagusia da Gazteria Ikasle Katolikoa mobimentuaren (JEC) batzarrik garrantzitsuen eta esanguratsuena. Datozan egunetan, beraz, hurrengo 3 urteetarako jarraibide nagusiak erabakiko dabez. Mobimentuaren nortasunaren ardatz dan pastoral egitasmoa be aurkeztuko da. Arduradunek azaltzen dabenez, “JEC mobimentuaren xedea, Barri Ona gazteei bide barrietatik eroatea da, ikasketa, azterketa bitarteko nagusitzat hartuz Jesusengan oinarritutako gizarte eraldaketarako”.
Batzar nagusian, Batzorde Iraunkorreko kargu batzuk barrituko dira: Presidentetza eta Ekonomia saila eta Idazkaritza Nagusia, gaur egun, Clara Fernandez-Merino Gutierrez eta Teresa Gutierrez Monteroren esku dagozanak hurrenez hurren, eta Kontsiliario Nagusiarena.
JEC eta zaintza
“Zaintzaren kultura, guztion konpromiso lez, alkartasuna eta partaidetza eskatzen dituan konpromiso lez, gizon eta emakume guztien (…) eta danona dan etxearen duintasuna eta ongizatea babesteko eta sustatzeko”, Frantzisko aita santuaren berbakaz bat, mobimentuak jostaketa eta heziketarako, eta baita bereizketarako be, hainbat jarduera prestatu dau. Hain zuzen be, zaintzaren kulturan oinarritzen dira, zaintzaren kontu hau JEC mobimentuko gaur egungo gazteen kezka da-eta. Bakarkako eta alkarteko arloak landuko dira, hiru une nabarmenduz: nork bere burua zaindu, hurkoa zaindu eta danona dan etxea zaindu. Eta guztia, Barri Ona eta Aita Santuaren entziklikak kontuan hartuta.
JEC mobimentua dala-eta
JEC Ekintza Katolikoko gazteen mobimentu espezializatua da eta Barri Ona ikastetxeetara, ikasleen artera eta, orokorrean, gure mundura eroatea dau xedetzat. Ikusi (errealidadea aztertu), epaitu (Ebanjelioaren argitan) eta ekin (aldaketa eragiteko konpromisoak) metodologiaz baliatzen dira.
Gaur egun, Eleizbarrutiko hainbat Eleizbarrutitan hedatuta dago. Normalean, parrokiei lotuta dagoz eta Eleizagazko eta artzainakazko alkartasunean jarduten dabe. Eta eurek esaten dabenez, “munduko gazteak izanda, geure eremu eta bizigiroetan mobiduten gara”.
Iaz, JEC mobimentuak 75. urteurrena ospatu eban