06-10-2024 Domingo, XXVII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Urkiolan, San Antonio eguna eta Arratiako errogatiba ospatuko dira
11.06.2024

Urkiolan, San Antonio eguna eta Arratiako errogatiba ospatuko dira

Datorren eguenez, ekainak 13, egun handia izango da Urkiolan. San Antonio eguna izanda, ehunka lagun etorriko da Bizkaiko hainbat lekutatik etorrita eta baita Gipuzkoa eta Arabatik be. Nekazaritza- eta ganadu-azoka egingo da eta mezak ospatuko dira orduoro goizeko 10:00etatik eguerdiko 13:00era. Eguerdiko 12:00etan ospatuko dan Meza Nagusian On Joseba Segura gotzaina izango da buru. Ekainaren 15ean, zapatuz, Arratiako errogatiba egingo da eta ekainaren 16an, domekaz, errepikapena. Felix Moreno Kontxigaz batera 'abade-etxeko' 'zaindari' danak sustrai sakonak dituan usadio horren inguruko azalpenak emon ditu Alkarren Barri aldizkariaren kurtsoko azken alean. 

Misino-sendiarentzat leku oso esanguratsua dan Urkiolan ehunka lagun batuko da aste honetan. Hiru dira inguruko jenteak egutegian azpimarratuta dituan hitzorduak. Felix eta Kontxik, azken 11 urteotan ‘abade-etxearen’ zainzaz arduratzen diranak, bizitasun handiagoz bizi dabez egun honeek.

Orain dala hamar urte inguru joan ziran Urkiolara misiolariakaz alkartean bizitzera. Gaur egun, misinoetan urteak emon ondoren, euren bizitzako azken aldia alkarregaz bizitzera bueltatu ziran abade hareengandik jasotako espiritualtasun eta ondareari eusten deutse. Izan be, leku honetan, Joseba Legarzak inoan lez, eleizbarruti arteko senari eusten jakon eta laiko eta erlijiosoen arteko lankidetza gauzatzen zan”.

Antonio Madinabeitia, Joseba Legarza, Bittor Garaigordobil
Antonio Madinabeitia, Joseba Legarza eta On Bittor Garaigordobil Urkiolako azken misiolari bizilagunak.

Paduko San Antonio eguna

Datorren eguenez, Bizkaiko eta Gipuzkoako makina bat lagun hurreratuko da santutegi ingurura santurik herrikoienari otoitz egitera eta bere jaia ospatzera. Hainbat meza ospatuko da santutegian goizean zehar, lehenengoa goizeko hamarretan eta azkena ordu batean. Eguerdikoa izango da Meza Nagusia eta On Joseba Segura gotzaina buru dala ospatuko da. 

San Antonio kartela 2024
San Antonio eguna eta domekako errepikapena iragarteko kartela

Errogatibak

Ekainaren 15ean ospatuko da lehenengo errogatiba, Arratialdekoa. Oraintsu arte, Aramaio izaten zan lehenengoa. Baina, gaur egun, ez dira santuaren aurrean agertzen, baina beste era batera gauzatzen dabe presentzia hori. Felixek kontatzen dauanez, “Aramaioko familia batek lorak ekarri eta santutegia apaintzen dau urtero. Lehenengo errogatibaren aurreko asteburuan, astromellak, tenplua handiesten daben lore ederrak ekarten dabez”.
Abuztuan, San Roke egunez, Mañaritik Urkiolara egiten dabe errogatiba. Abuztuko azken zapatuz, Abadiñoko herri errogatiba egiten da.“San Roke prozesinoan eroan eta eleizaren kanpoaldean ipinten dabe. Batzuk sartzen dira oraindik santutegira otoitz egitera”. Garaiotako zantzuak dira. 

Errogatiben zentzua

Santutegietara egiten diran errogatiba edo prozesinoak ospatu egiten dira, nahiz eta antxinako prozesino-izaera galdu. Jatorrian, kurutzea eta eleizako jantziez joaten zan abadea buru ebezan segizioak egiten ziran. Batzuetan, Ama Birjinaren edo santuren baten irudia andetan eroaten zan.

Kasu batzuetan, gaur arte eutsi jake antxinako errogatiben ezaugarri batzuei, esate baterako, santutegiari bueltak emonez santuen letaniak abesteko ohiturari.

Félix Moreno es, junto con Kontxi, el actual `guardián´ de Urkiola