30-01-2025 Jueves, III semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Venezuelako pastoral inguru batek Gonzalo Tosantos abadearen izena izango dau
30.01.2025

Venezuelako pastoral inguru batek Gonzalo Tosantos abadearen izena izango dau

Jubileu urte honetan, Luis Rey, San Isidro labrador, Santa Rosalía, Ntra. Sra. de la Luz, Virgen del Valle eta Virgen del Carmen parrokiak barne hartzen dituan pastoral inguruak  Mons. Gonzalo Tosantos izena izango dau. Venezuelako Ciudad de Bolivar artxidiozesitik azaldu dabenez, "omenaldia egin jako bere bizitzako urte asko inguru honetako alkarte indigenei eta ahulenei laguntza emoten igaro ebazan Jainkoaren zerbitzari ospetsu eta eredugarri honi".

Gonzalo Genaro Tosantos Díaz de Espadka (Donostia, 1934-Bilbao, 2019), Gasteizen eta Derion egin ebazan ikasketak eta 1959an egin zan abade Donostiako katedralean. Abade lez Galdameseko San Pedro eleizan ekin eutsan bere pastoralgintzari abade lagunkide lez (1959-1961).

Venezuela

1961ean, Venezuelarako bidea hartu eban eta hantxe emon eban abade-bizitza ia osorik, osasunak itzi eutsan arte. Bere azken bizilekua Calcacara del Orinocoko parrokia etxea izan zan eta han fraile batzuei laguntzen eutsen ospitale baten.

Orain dala 10 urte, Eleizbarrutira egin ebazan bisitetako baten, Gonzalo Tosantosek alkarrizketa eskaini eutsan “Alkarren Barri/Comunicación” aldizkariari. Ahal eban bitartean, Venezuelara itzuliko zala adierazo eban.

Makina bat lekutan egon zan eta denporaldi luze batez jeep baten lo egin eban, hartu-emona izan eban oihaneko alkarte baten konfiantza lortu arte.

300-400 biztanle inguruko hogeta hamar alkarte baino gehiagoren zuhaitz genealogikoa osotu eban. Gonzalo Tosantosen ikerlan honi esker, inguruko osasun-mapa egin eben. “Panares” indigenentzako osoko osasunari buruzko egitasmoetan parte hartu eban eta, beste hainbat alderdiren -etxebizizak-eraikuntzak, jaiak, eskulanak eta norbanakoak- inguruko ikerketaz be arduratu zan.

Langile nekaezin eta argazkilari bokazinoz, hainbat irudi-sorta prestatu eban, Tosantos berak azakdu ebanez, “batez be Turiba ingurukoak, han luzaroan bizi izan nintzan eta E’ñepa alkartekoakaz. Holan, euren arbasoen bizimodu eta oihuten barri emon ahal izango deutse seme-alabei”.

Tosantos Aita Santuaren Artzain Zerbitzari izendatu eben Venezuelan egoala. Herrialde honetan, gizarte lan handia egin eban eta abade lagun eta gotzainen baten edo besteren bisita ugari izan eban, berak beti esker onez hartzen ebazalarik. 

Bilbora bueltatzen zan bakotxean, “ahal dodan bitartean”, Venezuelara bueltatuko zala esaten eban, eta horixe egin eban, osasunak itzi eutsan bitartean. 

Berba onak eukazan beti Venezuelarentzat -60 urte inguru emon eban bertan: “herrialde ederra da, ikusgarria, oso ondo hezitako jenteagaz”… “baina azken urteotan, asko galdu dau”…inoan atsekabez. Dana dala, etsipena gainditu eta bueltatu egiten zan, “han maite dodan jente asko dagoalako, nire mundua, nire bizitza, hantxe dagoalako”.