Emonaldia, 1973an Andoni Arregi Lizarraga bilbotar musikari eta musikagileak sortu eban eta 1998an hil zan arte zuzendu be egin eban abesbatzaren “Herri, errai, erro” sailaren barruan izango da.
Jartoki abesbatzak 1974ko martxoaren 8an eskaini eban bere lehenengo kontzertua Begoñako bailikan, Bizkaiko Abesbatzen lehenengo astean. Berrogeta hamaika urteren buruan, liturgia girotuko dau martxoaren 8an, zapatuz, goizeko 11:00etan, 3 eta 4 ahotsetara, eta organoak lagunduta.
Victor Zubizarreta Arana (Bilbao 1889-1970), organista, musikagile, pedagogo, orkestra- eta koru-zuzendaria Begoñako basilikako organista izan zan 1936tik 1969ra, eta Bilbooko Kontserbatorioko zuzendari 1949tik 1970era. Eleiz lanen artean, Santa Zeziliaren Meza nabarmentzen da eta honen kopia zehatza dago gordeta basilikako koruan.
Jatorkik Begoñan eskaini eban lehenengo kontzertuaren 51. urteurrenean, Zubizarretaren meza honen balioa nabarmendu gura dabe. Azaldu dabenez, “gaur egun be bilbotarrek maitasunez gogoratzen dabe organista hau. Eta Jatorkiren lehenengo kontzertuaren 51. urteurrenean, Santa Zezilia musikari eta musikagileen zaindaria gogoratuko daogu Begoñako Amatxo Bizkaiko zaindariaren oinetan abestuz”.
Garizuma-aldian gagozanez, Jatorki abesbatzak Zubizarretaren Mezaren atal honeek abestuko ditu: Kyrie, Sanctus, Benedictus eta Agnus Dei.
Organista: Miriam Cepeda. Jatorki abesbatzaren zuzendaria: Joxean Llorente