22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 “Aita Santuak iruzurrean oinarritutako bizimodua aztertzeko preminan pentsatzen laguntzen dau”
04.10.2023

“Aita Santuak iruzurrean oinarritutako bizimodua aztertzeko preminan pentsatzen laguntzen dau”

Gaur, Asisko San Frantziskoren egunez, Frantzisko Aita Santuaren aholku-hitz apostolikoa ezagutzera emon da. 2015ean osoko ekologiari buruz argitaratu eban entziklika zehaztu eta osotu egiten dau honako idazki honek. Bere esanetan, "gure erantzuna ez da nahikoa, apurketa gero eta hurrago dago". Kritika egiten deutse ukatzaileei, lurraren berotzearen erruduna gizakia dala esanez. Danona dan etxea zaintzeko konpromisoa kristau fedetik sortzen dala dino idazkian. Bilboko gotzainak agiri barri hau nabarmendu eban kurtso hasierako ekitaldian. Bere esanetan, "iruzurrean, hau da baliabide naturalak agortezinak dirala sinistean, oinarritutako bizimodua aztertzeko preminan pentsatzen lagunduko deusku".

‘Laudate Deum´ aholku-hitz apostolikoak 6 kapitulu eta 73 paragrafo ditu. Idazkia, azaroaren azkenean eta abenduaren hasieran Dubain ospatuko dan COP28 dalakoari begira dago batez be. Hauxe idatzi dau Aita Santuak: «denporak aurrera egin ahala ikusten dodanez, gure erantzunak ez dira nahiko eta, bitartean, hartzen gaituan mundua gainbeheran da eta beharbada apurtzeko zorian dago», izan be «inolako zalantza barik, kllima-aldaketak gero eta kalte handiagoak eragingo ditu lagun askoren familia eta bizitzetan». Horixe da «munduko gizarteak eta alkarteak aurrez aurre dauan erronkarik nabarmenetakoa» eta «etxean zein mundu osoan, pertsonarik ahulenek jasango dabez klima-aldaketaren eraginak».

Bilboko gotzainak joan dan irailaren 30ean, kurtso hasierako ekitaldian eskaini eban berbaldian aitatu eban agiria. Bere ustez, idazki barri hau Aita Santuaren deia da, “neurritasuna eta askatasun pertsonala sendotzeko alperreko hainbesteko kontsumoaren aurrean”.

Gotzainak ekintzara deitzen gaitu

Antonio Guterres NBEko Idazkari nagusiak erabilitako “berba dramatikoak” errepikatu ebazan bere berbaldian, izan be, “gizadiak infernuko ateak zabaldu ditu”.

Pastoral kurtsoari baterako hasiera emoteko Markina-Xemeinen batu zan 600 lagun ingururen aurrean, klima-aldaketaren ondorioen inguruan ohartarazo eban: “aldaketa horreek hemen dira eta miloeka lagunengan dabez eraginak, goseteak, suteak, lehorteak, ura eskuratzeko borrokak eta kanporatze jentetsuak eraginez”.

On Joseba Segura gotzainak zera eskatu eban: “benetan hartzeko danona dan etxea zaintzeko ardura” eta horretarako ekintza zehatzak gauzatzeko. Ideia hau esaldi biribilaz adierazo eban: “zuk eta nik ekarpen erabakigarririk ez egiteak ez gaitu axolagabe itzi behar eta ez gaitu dagokigun erantzukizunetik libre izten”. Azkenean, kristauak adoretu egin ebazan, “hausnartu daien, Espirituari eta Jainkoari laguntza eskatu deieen  beste era batera egin beharko geunkena proposamen esanguratsuak zehazteko”.

Goazen! Acto de inicio de curso pastoral 2023