26-11-2024 Martes, XXXIV semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Gotzaina 5 Bilboko ‘Focolar’ mobimentuak 80 urte bete ditu
13.03.2024

Bilboko ‘Focolar’ mobimentuak 80 urte bete ditu

On Joseba Segura Eleizbarrutiko gotzaina buru izango da bihar -eguena-, arratsaldeko zazpietan, Begoñako basilikan 'Focolar' mobimentu laikoaren 80. urteurrena dala-eta ospatuko dan Eukaristian.

Chiara Lubichek sortu eban ‘Focolar’ mobimentua Trenton (Italia), Bigarren Mundu Gerra betean. Zenbait emakumegaz batera, Lubichek “focolar” (italieraz, etxeko sua) deitutako lehenengo komunitatea sortu eban. Komunitatetik azaltzen dabenez, “holan deitzen ebezan Trentokoek, bizi eta zabaltzen eben alkarrenganako maitasunagaitik eta egozan lekuetan senidetasunezko benetako hartu-emonak sortzeagaitik”.

Bizkor zabaldu zan bizimodu hau. Lehenengo, Trenton, gerra amaitzean, Italia osoan, eta beranduago Europan, Hego Amerikan, Ipar Amerikan, Asian eta Ozeanian. Kultura, bokazino, gizarte kategoria, etnia eta erlejino guztietako pertsonak egin ziran komunitateko kide, gehienak laikoak (heldu, familia, gazte eta ume), baina baita sagaratu, abade eta gotzainak be.

Bilbon

1979an iritsi ziran “focolar” mobimentuko lehenengo kideak, gizonezkoak eta Bilboko Vicente Garamendi multzoan kokatu ziran. 1980an heldu ziran lehenengo emakumeak eta emakumeen ‘focolar’ taldea Funikularraren plazan kokatu zan. Azaltzen dabenez, “urte bizi-biziak izan ziran, gaur egun be indarrean diran -baita dagoeneko mobimentuak ez dagozan pertsonakaz be- benetako senide hartu-emonak sortu ziranekoak”. Eleizbarrutiko gotzainen aldetik, hasieratik abegi ona izan dala nabarmentzen dabe.

Bilbon, “Focolar” mobimentuak aurrera egin eban, euren espiritualtasunaz leku guztiak bustitzen saiatuz, parrokia, Caritas edo gizarte eremuetan lagunduz. Gaur egun, 70 kide inguruk osazen dau Bilboko komunitatea. 

Afrika egitasmoa

Orain dala urte batzuk, nazinoarteko egitasmoa aurkeztu zan Mobimentuan: “Afrika egitasmoa”. Euren sorterrian lanean geratzeko baldintzagaz, afrikar ikasleei ikasketa-bekak emoteko helburuagaz sortu zan. Bakotxak bere kontura lagundu izan dau urte askotan, baina orain dala hamar urtetik hasita, baba-jan solidarioa antolatzen dabe Begoñako basilikaren lokaletan: “Jubilatuen Begoñako alkarteak beti emoten deusku diru-laguntzaren bat eta taberna izten deusku eta Viteri bodegak bazkarian zerbitzatzen dogun ardoa emoten deusku”. Jarduera honen bitartez batzen dan dirua Afrikako egitasmo batera zuzentzen da: edateko ura eroan Burundiko inguru menditsuko herrietara”

Heziketa, hezkuntza

Urteotan, beste hainbat jarduera burutu dabe, batzuk barrurako, esate baterako adin txikikoaren eta ahuleziazko egoeran dagozanen heziketari buruzkoak. Beste batzuk irekiak, hezkuntzari, bikote-harremanari, suizidioaren prebentzinoari… buruzkoak. Liburuen aurkezpenak be egin dabez, esate baterako Iñaki Gerreroren azkena: “Donde dos o más”. Ekimen askotan esku-hartzen dabe eta Caritasegaz alkarlanean aritzen dira etorkinei gaztelania irakasteko, Bizkaiko hainbat parrokiatan. Komunitateen Mahaiko kide dira. 

Familia solidarioa

1973an, Chiara Lubichek gabon-idazkia idatzi eban: “Sed una familia”. Horretan saiatzen dira, “bakotxaren poz eta atsekabeetan biziz eta guztien alde otoitz eginez”.

Comunidad reapertura focolar Bilbao 16.9.2023