22-11-2024 Viernes, XXXIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Karidade eta Zuzentasunak 5 Apirilak 28: Gizalegezko Lanaren aldeko Eleizbarrutiko Eguna
19.04.2024

Apirilak 28: Gizalegezko Lanaren aldeko Eleizbarrutiko Eguna

Apirilaren 28an, domekaz, Gizalegezko Lanaren aldeko Eleizbarrutiko IV. Eguna ospatuko dogu, "Tenemos derecho al cuidado con derechos! Zaintzaren eskubidea. Ekinbidea!" goiburuaren haritik. Karidade eta Zuzentasunerako Ordezkaritzatik azaldu dabenez, Eleizbarrutiko Egun honek lagungarri izan behar dau "kontzientzia hartzeko, gogoeta egiteko eta ekintzara jo eta zaintzen gizartearen alde egiteko, zaintza ahalbideratzen daben pertsonen eta, batez be, ahulenen eskubideak autortuz".

Karidade eta Zuzentasunerako Ordezkaritzatik Gizalegezko Lanaren aldeko Eleizbarrutiko Eguna dala-eta kaleratu daben mezuan adierazo dabenez, “egun honek lanaren giza eta kristau senean sakontzen eta kristau alkarte lez langile eta lan munduko gizon eta emakumeen duintasunaren aldeko konpromisoa hartzen lagundu gura deusku”. Helburu hau estu lotuta dago pastoral kurtso honetako begiradari: alkarte – etxe abegitsu izan danok etxeko sentitu gaitezan (eta, ondorioz, aske eta protagonista) eta danei hori bizitzen eta sentitzen lagundu deiegun”.

Zaintzak

Ekitaldi honetan, zaintza-lanak egiten dabezan pertsonengan jarri gura da arreta. “Ahulenen bizitza eta arretarako funtsezko diran lan horreek, gehienetan, emakumeek egiten dabez, eta honeen artean, asko eta asko etorkinak dira. Askotan, lan horreek ez dabe inongo autorpenik eta langile horreek baldintza eskasetan jarduten dabe, euren oinarrizko eskubideak, hau da, gitxieneko atsedenaldiak, legezko soldata edo lan-kontratua, errespetatu barik”.

Gizalegezko lana etxean hasten da

On Joseba Segura Eleizbarrutiko gotzainak idazkia kaleratu dau apirilaren 28ko jardunaldia dala eta, besteak beste, esanez: “Lana zaindu eta lana egiten dauan pertsona zaindu, horra hor gure laguntasuna eta konpromisoa ezinbesteko dabezan lehentasunak. Lana zaintzea, giza baldintzetan eta duintasunez garatzeko ezinbesteko baldintzak ziurtatzea da”.

Lagungarriak::

 ‘Bizkaia isilik’ bilkurak

Dei egiten dabe, gainera, apirilaren 24an, hilaren azken eguaztenez ohikoa danez, 19:3etan eta ohiko lekuetan -Bilbon, Arriaga plazan; Portugaleten, Gregorio Uzkiano kalean; Barakaldon, Bide onera plazan; Galdakaon, Iturriondo plazan; Durangon, Andra Mari eleizpean; Balmasedan, San Severino plazan; Getxon, Telletxe plazan (metroaren ondoan) eta Zornotzan, Herriko plazan- ospatuko diran ‘Bizkaia isilik’ bilkuretan parte hartzeko. Hain zuzen be, etxeko lanetan aritzen dan etorkin askok (batez be emakumeek) jasaten dituan gehiegikerietan jarriko dabe arreta.