`Eleizea Plazara´ izena jarri deutse Bilboko Eleizbarrutiak bere 75. urteurrenaren inguruan ospatuko dauan jentaurreko azokari. 2025eko maiatzaren 17an izango da.
Urteurreneko hasiera ofiziala, irailaren 28an izango da, Derion. Ospatzeko, gogoratzeko, autortzeko, eskertzeko eta etorkizunari begira jarteko bigarren ekitaldi nagusia jentaureko azoka hau da.
Ahalik eta jente eta errealidade gehienek parte hartzeko, jardueren sustapenerako taldeak dei egiten deutse eleiz errealitateeik antolatutako ekitaldietan gogoz eta eraginkortasunez parte hartu daien. Zehatz-mehatz, beren-beregi prestatutako galdeketari erantzuteko eskatzen deutze Bizkaiko Eleizako erakunde eta arloei. Hemen
Irudi barria, Jubileua gogoan
75. urteurrena dala-eta antolatu daitezan ekitaldi guztietan erabiliko da irudi korporatibo koloretsua eta 2025eko Jubileua dakar gogora. Aita Santuak, atzo aurkeztu eban Jubileua deitzeko bulda. San Pedro basilikako Ate Santua 2024.eko abenduaren 24an zabalduko da eta orduan emongo jako hasiera Ohiko Jubileuari. 2024.eko abenduaren 29an, gotzainek Eukaristia ospatuko dabe katedral eta konkatedral guztietan, Jubileu Urtearen hasierako ekitaldi nagusi lez.
Logo barria, batasun eta aniztasunaren ikur da. Bizkaiko mapa oinarritzat hartuta, hainbat kolore eta neurritako forma geometrikoen nahastean agertzen da bizi-bizi. Itxaropen eta batasunaren argi lez nabarmentzen dan kurutze zuriak zeharkatzen dau maparen bihotza. 2025eko Jubileuaren logoa gogora ekarriz, herriak batzeko ezinbesteko diran alkartasuna eta senidetasuna irudikatzen daben lau irudi agertzen dira besarkatuta. Azken irudiak ’75’ zenbakia gorantz bultzatzen dauan eta itxaropenaren metafora dan aingurari tira egiten deutso. Alkarte bizitasunaren isla dan ekintza da, izan be, fededunaren bidea ez da bakarka egitekoa.