12-12-2024 Jueves, II semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Derion ospatuko dan ekitaldi nagusiagaz emongo deutse hasiera Eleizbarrutiak 75. urteurreneko jarduerei
07.05.2024

Derion ospatuko dan ekitaldi nagusiagaz emongo deutse hasiera Eleizbarrutiak 75. urteurreneko jarduerei

Web orrialde honetan atzo barri emon genduanez, Bilboko Eleizbarrutiak bere sorreraren 75. urteurrena ospatuko dau datorren kurtsoan. Hori dala-eta, hainbat ekitaldi esanguratsu antolatu da, iragana gogora ekarteaz batera, etorkizunerako oinarriak jarteko asmoagaz. Lehenengo ekitaldi nagusia irailaren 28an izango da, leku esanguratsuan: Derioko Seminarioko kapera nagusia. Leku hori beren-beregi egokituko da ekitaldirako, izan be badira hogeta hamar urte erabilten ez dana. Tenplu eder eta ikusgarri honek sei arkupez antolatutako nabea dau eta hormak adreiluz eta Jose Maria Muñoz artistak egindako beirate handiz ixten dira.

Kurtsoari hasiera emoteko ekitaldi nagusia jsoko dauan Derioko kapera nagusia, Jose Maria de la Vegak tenplu handiagoa egiteko eban egitasmoaren emaitza da. Aurreikusitako eleiza handiaren ordez, kapera txiki ikusgarri hau eraiki zan.

Arte-ulerpen modernoari dagokiozan beirateak ditu. Honeen zirriborro gehienak Eleiz Museoan arte garaikideari eskainitako aretoan dagoz. Jose Maria Muñozek egindako beirate honeekaz batera, Pares eskultorearen kurutze-bidea eta oraintsu hil dan Vicente Larrea eskultorearen San Pauloren eskultura, absidea burutzen dauana, nabarmentzen dira.

Jose Maria Muñoz

Jose Maria Muñoz euskal eskolako «Emen» taldeko kide izan zan 1966an. Bizkaitar talde hau, sasoiko artistarik nabarmen gehienez osatuta egoan. Askotariko nortasuna eben artistak batu ebazan taldeak, esate baterako: Agustin Ibarrola eta Maria Dapena, Dionisio Blanco, Gabriel Ramos Uranga, Javier Urquijo, José María Ucelay. Ricardo Iñurria, Pelayo Olaortua, Roberto Rodet, Jose de Lorenzo-Solís, Anselmo de Guezala, Jose Barcelo, Carmelo García Barrena, Angel Cañada, Alfonso Ramil; Vicente Larrea, Iñaki García Erguin, Jose María Muñoz… Azken honek, ordurako, makina bat horma-irudi eukan eginda eta bera arduratzen zan eleiza eraiki barrien eta zaharbarritzen ziran eleizen beirateez. Beronek egin ebazan Derioko Seminarioko kapera nagusiko beirateak, torreko halleko alboetakoak eta Seminario Txikikoak. 

Vicente Larrea

Juan Manuel Gonzalez Cembellin Eleiz Museoko zuzendari teknikoak  Alkarren Barri aldizkarian argitaratutako artikulu baten adieazo ebanez, “gure herrian, azken gizaldi erdian, eskultore gailenen artean egoan”. Ezagunagoa da bere lan publikoagaitik baina, halanda be, “ekarpen handia egin eutsan arte erlijioso garaikideari”. 

San Pauloren irudia kapera nagusian

Algunas vidrieras de la la capilla central de Derio