22-11-2024 Viernes, XXXIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Kultura 5 Bermeoko Andra Mari eleizan ospatuko da barriro be Nazinoarteko Musika-astea
06.08.2024

Bermeoko Andra Mari eleizan ospatuko da barriro be Nazinoarteko Musika-astea

Bermeoko Udalak antolatu dau Nazinoarteko XXXIX. Musika-astea, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz, Oizmendi telebistaren laguntzagaz eta Andra Mari parrokiaren urteroko lankidetzagaz. Gaurtik abuztuaren 9ra arte doako lau kontzertu ospatuko dira 20:00etan hasita. Beste batzuetan lez, batu daiten dirua Vedrunako Karidadeko monja karmeldarren esku itziko da, Kolosokon (Kongoko ED) garatzen diharduen egitasmoan erabili daien.

Gaur, Zaruk bikoteak emongo deutso hasiera Musika-asteari. Iris Azquinezarrek (biolontxeloa) eta Rainer Sieferthek (gitarra) ‘Agua’ diskoa aurkeztuko dabe Andra Mari eleizan ospatuko dan kontzertuan.

Bihar, Eider Garcia de la Torre Aurrekoetxeak (klarinetea) eta Ibon Ariznabarreta Barrigak (txirula) osotzen daben Dolmen bikoteak jardungo dau. Ganbara-musikaren bidez sortu dabe euren egitasmoa.

Abuztuaren 8an, eguenez, Ibai Pijoan & Gus McQuade. musikarien emonaldiaz gozatzeko aukera izango da. Pieza klasiko eta modernoak aurkeztuko dabez, besteak beste, musikagile honeenak: B. Strayhorn, J.S. Bach, J. Dowland, M. Ravel, F. Mompou, P.I. Tchaikovsky, G. Donizetti, A. C. Jobim eta J. McHugh.

Azkenik, abuztuaren 9an, barikuz, Bilboko Orkestra Sinfonikoa (BOS) izango da Bermeon eta honegaz jardungo dau Itsasne Alzola Garamendi biolin-jole bakarlariak, Jorge Yague zuzendari dala. Mozart eta Dvoraken piezak entzun ahal izango dira.

Estefan Madruren oroimenez

Amaierako kontzertua, berezia izango da. BOSek eta Bermeoko Udalak Estefan Madru musikaria izango dabe gogoan. Madru Bermeon bizi zan eta 2023ko abenduan hil zan. Bilboko Orkestra Sinfonikoko biolin-jole honen bi bider parte hartu eban Musika-astean.

Santu eta santen koadroak Santa Eufemia ermitan

Beste alde batetik, kostaldeko parrokia alkartean beste ekitaldi bat be izango da. Unai Mangas gazteak bere ametsa bete egin dau eta margotu dituan santuen kuadroak ikusgai dagoz Bermeoko eleizetan egiten ari diran erakusketa ibiltarian.

Koadroak santuak Unai Bermeo
Koadro gehienak San Frantzisko eleizan egon ziran ikusgai uztailean.

Abuztuaren 17ra arte, Santa Eufemia ermitan egongo dira koadro horreek. Astean zehar, 11:00etatik 13:00era ikusi daitekez eta zapatuz 11:00etatik 13:00era eta 16:00etatik 18:00ak arte.

Olio-pinturaz egindako santu eta santen koadroetan euron biografiaren datuak be jasoten dira.

Erakusketa bisitatzean, Aita Mari erreskate-ontziari laguntzeko aukera be emoten da. Horretarako, Unaik Gaztelugatxeko San Joan ermita irudikatu dauan postala erosi daiteke.

Erakusketaren ordutegia Bermeo
Margolariaren argazkiagaz batera, erakusketaren ordutegia