Gaur ospakizuna egongo da San Juan de Gaztelugatxe-Donienen, munduan ezagunena dan tenpluan.
Gaur, jaieguna da Gaztelugatxeko San Joan ermitan. Abuztuaren 29an, Bermeoko udalbatza, ohiturari jarraituz, txistu-doinuez inguratuta batzartuko da usadioa barritzeko. Goizeko hamarretan, Bermeoko udalbatza Goiko plazan batuko da eta prozesinoan joango dira guztiak, txistu-doinuez girotuta. Ondoren, hatxera joango dira.
Aita frantziskotarrek ospatuko dabez San Joan Lepogabetuaren omenez bertan egingo diran eleizkizun biak.
1978tik hasita, ermitaren zaintzaz arduratzen dan Doniene alkarteak mahaia jarriko dau ermitaren inguruan ospakizunera hurreratu daitezan pertsonei hamaiketakoa eskaintzeko.
Almikeko Andra Mari
Bihartik -barikua- irailaren 8ra arte, Bermeoko Almikeko Andra Mariaren (Alboniga) bederatziurrena egingo da. Bederatzi egunez, eleiztarrak erromes joango dira eleizara goizeko 8:00etan Eukaristia ospatzeko. Irailaren 1ean, Eukaristia 11:00etan izango da.
Almikeko Andra Mari parrokia Bermeon dago, Busturiagaz mugan. Lope Diaz de Haro Jnak eta bere emazte Urraca Alfonsak lurraldean sortu eben lehenengoa izan zan.
Historia
Bizkaiko Eleizaren Historia Artxiboan jasoten danez, XV. eta XVI. gizaldietan, Berbeoko Herribilduak Bizkaiko Buru tituluaz baliatu zan, herribilduen artean lehenengo eserlekua hartuz. Halanda be, Jaurerria erabilera horren kontra agertu zan erabat eta 1602an atzera botatea lortu eban, Bizkaiko azefalia formalari eutsiz.
Gaztelugatxeko San Joan eta Bakioko San Pelaio tenpluak lez elizatearen ezaugarriak daukazan Alboniga/Almike eleizako eleiztarrak Bermeo Herribilduan txertatuta izan dira historikoki, Gernikako Batzar Nagusietako ordezkaritzan eukien ordezkaritzarako. Gaur egun, Bermeoko udalerriaren barruan dagoz, San Pelaio auzoa eta Zubiaur izan ezik, honeek Bakion txertatu ziran-eta 1927an.
Albonigako eleiza dohaitzan emon jakon Donemiliaga monasterioari 1093an. Bere hegaletan giza kolonia txiki bat egon zan X. gizaldian. XIV. gizaldian, herribildu bereko San Frantzisko monasterioari emon jakon dohaintzan, jabetzaren inguruko desadostasunak sortu baziran be lekuko leinu bategaz (Urkizu). Idazkiaren arabera dakigu monasterioa zala, errentadun eleiza, hamarrenak jasoteko eskubidea eban eleiza eta lurrak be baebazana. Bizkaiko jaunen jabetza partikulara. Alboniga, eleizatea zan, jaun-eleiz erakundea, eta XI. gizaldian talaraino hedatzen ziran bere agindupeko lurrak. 1565an, sute handi batek guztiz txikituta itzi eban.
Eleiza
Albonigako Andra Mariaren gaur egungo eleizak estilo errenazentista dauka; nabe bakarra dau sei tartegaz eta burualde zuzena. Estilo errenazentistako sarbide bi ditu, nahiko baliotsuak. Sarbideetako bat eleizaren oinetan dago eta ganfa-formako ateburu faltsua dau medailoi bigaz. Bigarrena, Ebanjelioan, erdi-puntuko arkuan zabaltzen da hegalagaz. Hainbat bider berreraiki da eleiza, lehenengo aldiz 1647an. 1892-1901an berreraiki zan gaur egungoa, Gregorio Arriolaren planoen arabera. Altzariei dagokienez, Lizarraldek XVI. gizaldikotzat jotako Andra Maria Umeagaz estilo gotikokoa, nabarmentzen da. Irudia bitan zaharbarritu da, 1657an eta 1706an.