Bizi zanean ez eban zarata handirik atara eta holantxe joan da, isilik. Eleizbarrutiko makina bat ekimenen bultzatzaile eta sustatzaile izan zan, orain dala 75 urte Eleizbarrutia sortu zanean, jardunean hasi zan lehenengoetako abadea izan zan. Apaltasuna eta zuhurtzia izan dira bere ezaugarri nagusiak.
Biografia
1950eko ekainaren 29an egin zan abade, Gasteizen
1950 eta 1956 bitartean, ikasketak egin ebazan Erroma eta Jerusalemen. 1956tik 1980ra hezitzaile izan zan Seminarioan eta Idazteunen irakasle. 1956 eta 1980 bitartean, zentsore ofizioz eta Betiereko Laguntzako Andra Maria Ermandadeko kontsiliario. 1968an, abade-ikasketetarako Eleizbarrutiko zentroko zuendari izendatu eben eta 1968 eta 1980 bitartean, Bilboko Eleizbarrutiko bikario nagusi izan zan.
1983tik 1992ra, laguntzaile izan zan Deustuko San Inazio parrokian
Diakonotza sustatu eban Eleizbarrutian eta bera izan zan diakonotzarako Eleizbarrutiko batzordeko lehenengo zuzendaria.
1984tik 1989ra Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutua (ETPI) zuzendu eban. Eleizbarrutiko Batzar Nagusiaren (1984-1987) bultzatzaileetako bat izan zan.
Kontsultarien Kolegioko kide izan zan (1985-1990), Eleizbarrutiko Pastoral Kontseiluko kide (1988-1990), Deustu eskualdeko abade taldeko kide eta abadeentzako bikaritza zerbitzuko arduradun (1993-1998). Laguntzaile Deustuko San Pedro parrokian (1993-1999), abadeen taldeko kide Bilboko San Anton, Joan Santuak, San NIkolas, eta Santiago parrokietan (1999-2001). Abade Kontseiluko kide izan zan hainbat alditan eta baita Eleizbarrutiko abade-etxeen gobernu-batzordekoa, diakonotzarako batzordekoa be eta Santiago katedraleko kalonje.
Hiru egunez atxilotuta
1969ko apirilean, Fermin Monasterio taxilaria -ETAren lehenengo biktima BIzkaian- hil eben. Egun batzuen buruan, hainbat abade atxilotu eben, erakunde armatuko kideari ihes egiten lagundu eutsela leporatuta, eta handik gitxira, hiru egunez giltzapean egon ondoren aske geratu zan Jose Angel Ubieta bera. Administratzaile Apostolikoak atxiloketakaz Konkordatua bortxatu egin zala salatu eban, bere bikarioaren sekretu profesionala babestu eta erregimenaren aldeko prentsak emondako informazino alderdikoia kritikatu.
Añoveros kasua
Bilboko Eleizbarrutiaren historiako unerik entzutetsuenetakoa, Añoveros kasua deitutakoa izan zan. 1974ko otsailaren 24an, Euskal Herriaren askatasunaren aldeko “El cristianismo, mensaje de salvación para los pueblos” Antonio Añoveros gotzainaren pastoral idazkia irakurri zan Bizkaiko parrokietan. Eleizaren eta Francoren erregimenaren arteko krisirik handiena eragin eban horrek. Orduan, Jose Angel Ubieta Eleizbarrutiko bikario nagusi zan.
Idazkian, bestak beste, hauxe esaten zan: “El pueblo vasco, igual que los otros pueblos del Estado español, tiene derecho a conservar su propia identidad, cultivando y desarrollando su patrimonio espiritual, dentro de una organización sociopolítica que pueda reconocer su justa libertad”.
Arias Navarroren Gobernuak gogor erantzun eutsan irakurraldi honi, Añoveros dalatuz, Espainiaren batasunari eraso egiteagaitik. Hori dala-eta, Bilboko gotzaina eta Jose Angel Ubieta bere bikarioa etxe barruan atxilotuta egotera, ohiko bizilekutik mobidu ezinik egotera, behartu ebezan. Ondoren, Gobernuak hegazkina bialdu eban Sondikako aireportura eleiz gizon biok derrigorrez herrialdetik kanpora eroateko. Halanda be, bere borondatez ez ebala Eleizbarrutia itziko adierazo eban Antonio Añoveros gotzainak; Gobernuak indarra erabili edo Paulo VI.a Aita Santuak gotzaitegia izteko agindu ezkero, orduantxe bakarrik irtengo zala. Tarancon kardinalak gotzainen Batzorde Eragilea deitu eta ohar labur bat idatzi eban, “directa o indirectamente impidiesen la jurisdicción eclesiástica de un obispo“, egiten ebenak eskumikatu egingo ebezala gogoratuz. Bere aldetik, Kanpo-arazoetako Ministerioak, Vatikanoagaz hartu-emonak eteteko oharra be prestatu eban. Azkenik, Eleizaren aurka joterik nahi izan ez eban Francoren zuzeneko esku-hartzearen bidez konpondu zan “Añoveros kasua”.