Manuel Jesus Heredia Misinoetarako Bizkaiko ordezkariak misinoen egunerako mezuan azaldu dauanez, “mundua, gero eta txikiago egin jaku eta orain gertukoari eta presazko edo preminazkoari baino ez dautsagu begiratzen. Katolikotasuna, mundu osoko Eleizako atal izatean, bigarren mailara igaro da. Halanda be, Misinoa, gure kristau izaeraren muina da. Eleiza, Jainkoaren herria, Eleiza izango bada, nahitaez misiolari izango da. Eleiza salbamenezko sakramentu da gizaki guztientzat, munduko edozein lekutan”.
Hegoaldeko ahotsak
Consuelo Pillajo ekuadortar monja marianitak Kaikor-Kenyan jarduten dau, hain zuzen be Turkanan. Bere esanetan, “Kenyako probintzia honetako jentea, nomada da eta 0 azpitik 40 graduko tenperaturak jasaten dabez. Ez dago errekarik eta putzuak zulatzea da ura jadesteko bide bakarra. Landaretza putzuko uraz sortzen da bakarrik. Ezin dogu landaretzarik eskatu, ur-putzu batetik familia askok edaten dau-eta”.
Monja honeek 2007an heldu ziran hara. Egoera latza bizi dabe basamortu haretan. “Eta lanean jarraitu dogu, hainbat arlotan beste hainbat egitasmo garatuz. Jentea laguntza humanitarioen menpe dago edo nomada da, ahuntzakaz dabilz hara eta hona jateko bila. “Oraindik historiaurrean nago”, esan eustan azaroan hara joan zan mediku batek”.
Berak azaldu dauanez, uraren arazoa da beste ezer baino lehen konpondu behar dana, behar-beharrezko kontua da-eta. “Izan doguz laguntzak, asko eta asko Espainiatik bialdutakoak. Uraren kontua konpontzen saiatzeaz batera, haurtzaindegiak eraikitzen hasi gara eta honeetan heziketa emon eta elikadura-egitarauak garatzen doguz urte bi eta zazpi urte bitarteko umeakaz, etxeetan ez daukie-eta zer jan. Ur-putzuakaz urtu batzuk be ipini doguz, batez be kalabazak eta sandiak landatuz, azal gogorra dabenez insektuen erasoa hobeto jasaten dabelako, inguru honetan erneten dan berde guztia insektuen janari bihurtzen da-eta berehala”.
Alkarrizketa osorik: hemen.
Gehiago jakiteko eta lagungarriak eskuratzeko: hemen.