Bilboko eleizbarrutiak sinodo-seneko Eleizari buruzko Sinodorako taldea barritu egingo dau, azken agirian jasoten diran argibideak garatzeari eta gauzatzeari begira. Aitatutako agiri hori 2024ko urrian onartu zan eta mundu osoko eleizbarrutietan martxan jartea zan Frantzisko aita santuaren nahia.
Bilboko gotzainak zein mundu osoko gainerako guztiek martxoan jaso eben gutunean, dei egiten jaken Sinodoaren garapenerako aldi hau sustatu eien. “Sinodo-seneko Eleizaren ingurukoak lekuko Eleizen ohiko bizitzaren osagarri lez autortu eta bizitzea” da helburua.
Aldi barri honetan, On Joseba Segura gotzainak 2021ean, sinodo-seneko Eleizari buruzko Sinodoaren prozesua hasi zanean, bere gain hartu eban koordinazino-egitekoagaz jarraitzeko eskatu deutso Idoia Perez de Mendiolari.
Egutegia
Aurreikusitako egutegiaren arabera, maiatzean lagungarriak argitaratuko dira. 2025eko ekainetik abendura, lekuko Eleiza eta taldeetan ekintzen garapenerako ibilbideak egiteko eskatu da.
2025eko urriaren 24tik 26ra sinodo-taldeen eta partaidetza-organoen jubileua izango da Erroman. 2028an Vatikanoan ospatuko dan eleiz batzar nagusiak emongo deutso amaiera prozesuari.
Sinodoa eta Ebanjelizatzearen Eleizbarrutiko Egitasmoa
Lekuko Eleizetan sinodo-seneko Eleizari buruzko prozesuari ekin jakonetik, Perez de Mendiola Ebanjelizatzearen Eleizbarrutiko VI. Egitasmorako batzorde teknikoan txertatu zan. Egia esan, hainbat gauzatan datoz bat sinodoaren azken agiria eta EEEa.
Sinodoko azken agiria: hemen
Elbanjelizazearen Eleizbarrutiko VI. Egitasmoa: hemen
Aldi barri honetan, eleizbarrutiko askotariko errealitateetako ordezkari esanguratsuez sendotuko da taldea.