12-07-2025 Sábado, XIV semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Bilboko abadegaiak Iruñan prestatuko dira
19.06.2025

Bilboko abadegaiak Iruñan prestatuko dira

irailaren 1etik aurrera, Bilboko eleizbarrutiko abadegaiek Iruñako seminarioan egingo dabe heziketa. Carlos Olabarri Ministerio Ordenaturako Idazkaritzako zuzendaria Bilboko seminarioko hezitzaileen taldean sartuko da eta astean egun bitan abadegaiakaz izango da Iruñan, heziketan laguntzen. 

Ignacio Fernandez Bilboko eleizbarrutiko seminarioko errektoreak iragarri ebazan datorren kurtsoan izango diran aldaketak Radio Popular-Herri Irratian eskainitako alkarrizketan. Juanma Jubera esatariaren irratsaioan azaldu ebanez, “Bilboko seminarioan egiten ziran ikasketak aurrerantzean Iruñako seminarioan egingo dira”. Gainera, errektoreak esandakoaren arabera, Carlos Olabarri abadeak “lagun egingo deutse hemengo abadegaiei eta Iruña eta Bilboko seminarioen arteko hartu-emonaz arduratuko da”. 

Bilbotik Iruñara

Ignacio Fernandezek azaldu dauanez, “Erromatik seminarioei buruzko hausnarketa egitea eskatu jakun”. 2023an, Mons. Milton Luis Troccoli Uruguaiko gotzainak bisita apostolikoa egin eban Bilboko seminariora egoera ebaluatzera. 

Ildo honetatik, bidezko gogoeta eta kontrastearen ostean, hiru aukera aurkeztu ziran: Gasteizera, Iruñara edo Burgosera joan. Errektorearen esanetan, “azkenean, Iruña aukeratu da”. Berak errektore lez jarraituko dau eta “Seminarioak Bilbon jarraituko dau”, hau da, onarpen-erespidean Bizkaian ebatziko dira eta pastoral aldia, azkena, Bilboko eleizbarrutian egingo da. 

“Seminarioko lehenengo eta bigarren aldian dagozan abadegaiak, hau da, heziketa- edo akademia-aldikoak, teologia-fakultatean ikasten dagozanak lau edo bost urte egongo dira astelehenetik barikura Iruñan, eta asteburuan hemen. Horixe da datorren urteari begira dogun barritasuna”.

Lekualdaketa, Abade Kontseiluan onartu zan. Bilboko abade batek egingo deutse akonpainamendua abadegaiei eta “eurakaz eta Iruñako abadegaiakaz biziko da astean egun bitan”, nabarmendu dau errektoreak Radio Popular-Herri Irratian. Nafarroako hezitzaileen eskutik osotuko da heziketa. 

Patxo Ateca, bigarren heziketa-aldian dagoan abadegaia

Patxo Ateca 2. heziketa-aldian dago, aldi eratzailean, berak azaldu dauanez, “teologia-ikasketaren aldian, parrokian txertatzekoan. Kurtso honetan amaitu ditu teologia-fakultateko ikasketak”. Datorren urtean Ermuan izango da Oiz-Anboto Pastoral Barrutian.

Azken aldian, Arraizpe Pastoral Barrutian, Errekaldeko parrokian, jardun izan dau. Azaldu dauanez, “pena handiz” doa jadetsi dauan esperientziagaitik eta egin dituan loturengaitik baina, aldi berean, “itxaropentsu” eta errealitate barria ezagutzeko gogoz.

Kurtsoko zenbait hitzordu

Ignacio Fernandezek adierazo dauanez, ekainaren 26an ospatuko da kurtsoaren amaiera seminarioan. Pastoral kurtsoko oroitza-txostena aurkeztuko da eta baita ekonomia-balantzea be, jenteak egoera ezagutu daian. Eukaristia ospatuko da 19:00etan Moniken etxean eta Patxok akolitotza jasoko dau.

Patxok azaldu dauanez, “gotzainak akolito izendatuko nau. Azken laiko zerbitzua da eta pastoral aldia amaituta emongo neuken abade ordenarako eta diakonotzarako urratsaren aurrekoa”. 

Ekainaren 25etik aurrera, Bilboko eleizbarrutiak esperientzia berezia biziko dau: BizkaiBira. Eleiz errealitate desbardinak alkartzeko eta otoitz egiteko eremu bihurtu gura dau. Aldi berean, Bizkaiko izadi eta kultura material eta immateriala ezagutzeko aukera emondo dau. BizkaiBira, ekainaren 25etik uztailaren 13ra.

Ignaciok gogoratu dauanez, “BizkaiBira” Begoñako basilikatik abiatuko da ekainaren 25ean. “Iusino eta lan asko dago ekimen horren atzetik. Bilboko eleizbarrutiaren sorreraren 75. urteurreneko ekialdi honetan parte hartuko dogu”.

“Eta uztailaren 29tik abuztuaren 4ra Erromara goaz gazteakaz ‘jubileua irabaztera'”.