Kurtso hasierako baterako ekitaldia irailaren azken zapatuz izango da Elorrion. Sortze Garbia tenpluan egingo da jarduera nagusia. Aurretik, partaideak erromes joango dira basilikaraino herriko hainbat lekutatik abiatuta.
0-. Sortze Garbia basilika
Elorrioko eleiza nagusia da eta euskal gotiko berantiarraren erakusgarririk esanguratsuenetakoa. XV. eta XVI. gizaldien artean eraikita, hiru nabe bardindun areto-oinplanoa nabarmentzen da bertan. Barrualdean, Elorrioko seme dan Berriotxoako San Balendin misiolari eta martiriari kultua emoten jako, irudi guztiz esanguratsua da-eta alkartearentzat. Nabarmentzekoak dira, gainera, erretaula nagusi barrokoa, organo historikoa eta kanpantorrea.

1-. San Agustin eleiza
XV, eta XVI. gizaldien artean eraikitako eleiza hau euskal gotiko berantiarraren erakusgarririk onenetakoa da. Areto-oinplanoa, altura bereko hiru nabeak eta altara nagusiko erretaula barrokoa nabarmentzen dira eraikinaren arkitekturan. Barrualdean, Elorrioko hainbat aitoren seme/alaba dago lurperatuta eta bertako organo historikoa gaur egun be erabilten da.

2-. Argiñetako nekropolia
Zenita auzoan dago Euskal Herrian zaharrenetakoa dan goiz erdi aroko nekropoli hau. Sarkofago eta hilarriak VII. eta IX. gizaldi bitartekoak dira eta bailarako antxinako biztanleak gogora dakarrezan latinezko idazkunak dabez. Naturaz eta isiltasunaz inguratutako gune honek inguruko kristau jatorriakaz lotzen gaitu eta historia- eta arte-ondare izendatu eben 1964an.

3-. San Antonio Abadea ermita
Elorrio herriaren erdigunean dago eraikin erlijioso esanguratsu hau, hain zuzen be, XVII. gizalditik. San Anton abereen zaindariari eskainita dago eta estu lotuta udalerriko herri usadioei. Landa-eremuko euskal kulturan guztiz sustraituta dagoan ohiturari jarraituz, urtarrilaren 17an herritarrak ermitara joaten dira etxeko abereak bedeinkatzera.
4-. Monja domingotarren monasterioa
Bertako dohaintza-emoileek XVI. gizaldian sortutako klausurako komentua. Eraikinaren estiloa errenazentista da eta fatxada soila dauka. Klausurako bizitza daroen monja domingotarren alkartea bizi da bertan. Gainera, eskuz egiten dabez gozoki tradizionala. Bertan dago Berriotxoako San Balendinen museoa.

5-. Maria Bitarteko elizbarrutiko ikastetxea
Elorrioko familiek 1971an sortuta, ikastola konpromisozko jarduera izan zan euskeraren susperraldiaren alde frankismoaren sasoian. Gaur egun, heziketa-eredu da Bizkaian eta bertatik sustatutako alkarte jarduerei, eskola-jaiei eta pedagogia-egitasmoei esker, kultur eragilea da herrian.
Basilikara heltzean, kurtsoari hasiera emoteko ekitaldia ospatuko da, gotzaina buru dala.
Amaitzeko, partaideek kopau bat hartuko dabe eleizpean, etxera bueltatu aurretik.






