Miguel Cabrera (1715–1768) artista entzutetsua da XVIII. gizaldiko mexikar artean. Guadalupeko Andra Mariaren irudia gehien irudikatu eta interpretatu dauan artista da. Ospetsua da, kalitatezko lanak ditualako eta Tepeyacen gurtzen daben jatorrizko irudia sakon aztertu daualako.
Artean dagoan margolana bere helduaroan egin eban, Guadalupeko Andra Mariaren eredu ikonografikoak arazketa formal eta sinboliko bete-betea ebanekoa.
Margolan hau ez da irudikapen-sailekoa, egile-lana baino. Europan ikusi daiteken Guadalupeko Andra Mariaren irudikapenik garrantzitsuenetakoa da.
Europan ikusi daiteken Guadalupeko Andra Mariaren irudikapenik garrantzitsuenetakoa da
Baterako historia agertzen dauan idazkuna
Margolanaren barrenean, interes historiko handiko idazkuna dago: “según devoción de Don Francisco Antonio de Eguiluz, natural de Arteaga”. Zehaztasun honek zuzenean lotzen dau lan hau Euskal Herriaren eta Espainia Barriaren arteko XVIII. gizaldiko giza, ekonomia eta kultur trukeakaz.
Bizkaitar askok garatu eban ibilbide profesionala Amerikan eta, kasu askotan, hartu-emon estua izan eben euren herriakaz, honeetara bialtzeko artelan erlijiosoak aginduz. Hain zuzen be, Miguel Cabrerari eskatutako lan honek emoilearen maila soziala zein sentsibilitate artistikoa eta debozinoa agertzen dau.
Eleizatik Museora
Gizaldiak joan eta gizaldiak etorri Elexabeitiako San Migel ermitan egon ondoren, Arteako Guadalupeko Andra Maria artelanaren azterketa tekniko espezializatua egin dabe. Horri esker, lana hobeto ezagutu da eta dagokion testuinguruan kokatu da.
Gaur egun, Eleiz Museoan dago, egokitasunez jagon eta zainduta. Laster, Bilboko Arte Ederren Museoan egingo dan erakusketan egong da ikusgai, ondare honen zabalkundean beste urrats bat emonez.
Laster ikusiko da Bilboko Arte Ederren Museoan jarriko daben erakusketan
Fedea, artea eta historia lotzen dituan ondarea
Arteako Guadalupeko Andra Maria, debozinozko irudia baino gehiago da. XVIII. gizaldiko kultur bizitasunaren eta Mexikoren eta Euskal Herriaren arteko arte hartu-emonaren agerpena da. Erlejino-ondarearen bidez bizirik irauten dauan historia da.






