Zortzi egunez, barnera biltze, historia eta debozinoz betetako ekitaldia ospatuko da Bermeoko Almikeko Andra Mari ermitan. Fededun asko joaten da erromes bertara, Andra Mariaren bederatziurrena ospatzera.
Hitzordua, Bizkaiko parrokiarik zaharrenean da. Don DIego Lopez de Haro eta Doña Urraka Alfonsa emazteak sortu eben orain dala mila urte inguru.
Bederatzi egunez otoitz eginez
Hasteko, Eukaristia ospatuko da 13:00ean. Bihartik aurrera -abuztuak 31- eta aste osoan -irailaren 1etik 5era, mezak lehenengo orduan ospatuko dira, 8:00etan.
Irailaren 6an, domekaz, 13:00ean izango da eukaristia eta astelehenez, irailak 7, goizeko 8:00etan.
Bederatziurrenari amaiera emoteko, irailaren 8an, martitzenez, Andra Mariaren Jaiotzaren egunez, hiru Eukaristia ospatuko dira: 8:00etan, 11:00etan eta 13:00ean.
Mila urteko historia dauan ermita
Bederatziurrena, kristautasunaren Bizkaiko eremurik zaharrenean ospatuko da. Bizkaiko Eleizaren HIstoria Artxiboan jasotze danez, Albondigako eliza dohaintzan emon jakon San Millan monasterioari 1093an. Halanda be, leku horretan X. gizalditik egoan giza kolonia txiki bat. XIV. gizaldian, Bermeoko San Frantzisko monasterioaren eskuetara igaro zan, baina ez Urquizu sendiagaz jabetza zala-eta liskarrik izan barik.
Idatzian, benetako monasterio lez aurkezten da Albondiga: Bizkaiko jaunen menpe, errentak, hamarren-eskubideak eta lurrak eukazan tenplua. Elizatearen eragina talaraino hedatu zan XI. gizaldian. 1565an, sute ikaragarriak erraustuta itzi eban.
Gaur ezagutzen dogun eraikinak, errenazentista estilokoak, sei ataleko eta burualde zuzeneko nabe bakarra dauka. Arte-balio nabarmena daben sarbide bi ditu: oinaldean bata, dobeladun ateburu antzekoan medailoi bigaz, eta erdi-untuko arkuan bestea, estalkiagaz. Hainbat berreraikuntzaren ostean -lehenengoa 1647koa, agirietan jasotzen danez-, gaur egungo egitura 1892-1901ekoa da. Guzti hau Gregorio Arriola arkitektoaren planoen arabera egin zan.
Altzariei dagokienez, bat nabarmentzen da: Umea besoetan dauan Andra Mariaren irudia, gotikoa. XVI. gizaldikoa da eta 1657an eta 1706an barriztatu eben.
Garrantzia dauan eleizatea
XV. eta XVI. gizaldien artean, Bermeok “Bizkaiko Buru” titulua aldarrikatu eban, Jaurerriko herribilduen artean lehenengo jarlekua hartuz. Baina asmo hori atzera bota eta 1602an inpugnatu egin eben.
Albondiga/Almikeko fededunak, Gaztelugatxeko San Joan eta Bakioko San Pelaiokoakaz batera, Bermeoko parte ziran, ordezkaritzari dagokionez, Gernikako Batzar Nagusietan. Gaur egun, Bermeon txertatuta dagoz, baina San Pelaio auzoa 1927an Bakiora pasatu zan, Zubiaur auzoagaz batera.
Bederatzi egunez, bederatzi hitzordu historia eta fedeagaz, kristautasunak Bizkaian dauan kokapenik zaharrenetakoan.







