Abuztuaren 29an, urtero lez. Gaztelugatxeko San Joan ermitako ateak zabalduko dira eguerdiko 12:00etan San Joan Lepogabetuaren omenez Eukaristia ospatzeko. Uhartetxo honetan kokatutako tenplua urtean bizpahiru egunez zabaltzen da eleizkizunetarako, hain zuzen be ekainainaren 24an (San Joan Bateatzailea), uztailaren 31an (Loiolako San Inazio) eta gaur (San Joan Lepogabetua). Gainera, abenduaren 30ean, urte amaierako meza berezia ospatzen da. Bermeoko frantsizkotarrak arduratzen dira eleizkizunez.

Gordexola: oso-osorik santuari eskeinitako erretaula nagusia
Bizkaian, bada leku bat non San Joan Lepogabetuari arte-adierazpenik osoenetakoa eskeintzen jakon: San Joan Lepogabetua eleiza, Gordexolako Molinar auzoan. Eleiza honetako altara nagusian, erretaula barroko monumentala dago, arte-balio handia dauan pieza izateaz gainera, alkarte baten fede eta eskuzabaltasunaren lekukotasun dana. Gehiago jakiteko: Eleiz Museoa.

Erretaula hau 1655ean agindu eutsen Antonio de Alloytiz bilbotar eskultore eta arkitektoari, bizkaitar barrokoaren irudirik esanguratsuenetakoari. Bere lanak Gregorio Fernandez gaztelar erretaulagile ospetsuaren eragina izan eban. Lantze- eta muntatze-lanak 1657an amaitu ziran. Halanda be, polikromia –Fernando de Fontagud kantabriar maisu urreztatzaileari agindutakoa- ez zan 1753ra arte osotu.
Parrokiaren eta udalaren diru-laguntzei esker ordaindu zan. Horrezaz gainera, amerikar kolonietatik iritsitako partikularren dohaintzak asko izan ziran. Amerikan dirua egin eta kargu esanguratsuak izan ebezan Gordexolako herritarrek bialdutako diru-laguntza horreek, beraz, Gordexola herriaren eta emigrazino indianoaren arteko loturaren ikur bihurtu zan, herriaren debozinoak sekulako arte-egitasmoari belaunaldiz belaunaldi eutsi eutsola erakutsiz.
Gaur, Gordexolan zaindariaren eguna ospatuko dabe 12:00etan hasiko dan Eukaristiagaz.
Jai bera ospatzeko era bi
Bikaritza bietan, Eukaristia bana ospatuko dabe ordu berean, santuaren oroitzapenaren aberastasuna eta aniztasuna erakutsiz. Urtero, abuztuaren 29an, fededunak batzen dituan fede beraren adierazpen bi dira.







