28.08.2026

Erreguteak Mañaria eta Abadiñotik Urkiolara

Asteburuan, urteko azken erreguteak egingo dira Mañaria eta Abadiñotik Urkiolara. Durangaldeko leku esanguratsu honen inguruan herri erlijinotasunari bizirik eusten deutson ohitura da. 

Mañaria herriak gaur ospatuko dau ohiko erregutea Urkiolara Antonio Santuak santutegian 12:00etan ospatuko dan Eukaristiagaz. Txomin Alonso abadea izango da buru eleizkizunean.

Ospakizunean, gaurko munduaren errealitatea eta hanbeste lagun erasaten dauan sufrimentu eta ahuleziazko egoerak ekarriko dira gogora.

Ohikoa danez, azkenean, bertaratutakoek kopau bat hartuko dabe alkarregaz, Mañariako Udalak eskeinita santutegiko tabernan. 

Abadiñok ospatuko dau urteko azken erregutea

Bihar, abuztuak 29, azken erregutea ospatuko da: San Roke erregutea Abadiñotik Urkiolara. Lehenengoa, ekainean egin zan eta 200 lagun joan ziran erromes Arratiatik.


Arratiako errogatiba izan zan lehenengoa

Abadiñoko erregutearen hastapenak XIX. gizaldian dagoz; orduan, Abadiñoko auzotarrak santutegiak joaten ziran uztak babesteko eskatzera. Urteak joan, urteak etorri, herritarren eskari ha alkartearen egun bihurtu da, belaunaldien arteko loturari bizirik eutsiz.

Argazkia: Pedro San Roman (durangon.com)

Goizeko 9:00etan batuko dira Muntsaratzeko Andra Mari ermitan eta handik Urkiolarako bideari ekingo deutse San Roke irudiagaz. Ohikoa danez, geldialdia egingo dabe Txakurzulon hamaiketakoa egiteko eta ostean santutegiraino joango dira.

11:30etan, Eukaristia ospatuko da Urkiolan eta, aurton, lehenengo aldiz, mezaren ostean, 12:15etan, Abañoko Kantariak taldeak jardungo dau santutegiaren inguruan. 13:00etan, Talde Batuak dantzarien txanda izango da, Txanbolinek lagunduta. ‘Kilometro cero’ produktuak be banatuko dira. 

14:00etan, udalerriko jubilatuen herri bazkaria izango da, udaleko ordezkariak bertan dirala, eta arratsaldez, txitxarrilloa, Santi soinujoleak girotuta, 18:00ak arte.

Abadiñoko erregutearen kartela
Abadiñoko erregutearen kartela

Parte-hartzea ahalbidetzeko, Udalak 10:20etan Muntsaratzetik atarako dan autobusa jarriko dau. Geldialdiak egingo ditu Zelaieta eta Traña-Matienan eta 18:00etan bueltatuko da Urkiolatik.

Egunari amaiera emoteko, 20:00etan sukalki herrikoia izango da Txanporta plazan, Lotxo Taldeak gidatuta. Erua egin ezkero, probalekuan egingo da.

Belaunaldiz belaunaldiko ohitura

Abadiñoko Udalak dei egin deutse herritarrei Urkiolarainoko ibilaldi honetan parte hartu dagien, lokarriak estutzeko eta ohiturari bizirik eusteko baliagarri dalakoan. 

Udalak esker ona adierazo deutse boluntarioei,besteak beste, San Roke irudia eroango dabenei eta egunaren antolaketan aritzen diranei, urtez urte ospakizun hau ahalidetu dabelako.

Udaletik gogoratu dabenez, erregutea, gaur egun be, “oroimena, bategitea eta ohitura” da, Abadiño herriaren ondare kultural eta espiritualaren adierazpen, aurrerantzean be belaunaldiz belaunaldi transmitituko dana. 

Participantes en la Rogativa de Arratia a Urkiola (2025)