Ospakizunak Durangon
Klaratarren Durangoko alkartetik askotariko jarduerak proposatu dabez datorren urriaren 3an (800. urteurrenaren eguna) eta 4an (santuaren eguna) ospatuko dan urteurreneko une gorenerako
San Frantziskoren bederatziurrena:
Bederatzietako mezaren aurretik, klaratar monjek Asisko santuari buruzko otoitz eta gogoetak errezatu eta esango dabez txandaka, egunero, jaiegunaren aurreko 9 egunez, irailaren 25etik urriaren 3ra.
Berbaldia Asisko San Frantziskori buruz
Urriaren 1ean, 19:00etan, berbaldia izango da San Frantziskok Eleizan izan eban garrantzia ezagutzera emoteko. Jose Antonio Urdampilleta frantziskotarrak “Anaia Frantzisko ezagutzen” goiburuaren haritik jardungo dau eta, ostean, 20:00etan bertaratutakoek monjakaz batera bezperak errezatzeko eta kantatzeko aukera izango dabe.
San Frantziskoren iragaitzaren ospakizuna
Aurton bada barritasun bat: San Frantziskoren eguneko lehenengo bezperak errezatu eta kantatu ondoren, San Frantziskoren bizitzako azken uneak gogoratuko dira. Klaratarrek eurek zuzenduko dabe, inguruko parrokietako boluntarioen laguntzagaz.
Meza Nagusia
Urriaren 4an, Asisko San Frantzisko eguna ospatuko da. Egun berezia, monasterio inguruko errealitate guztientzat (herria, eleiztarrak, ikastetxea, pastoral barrutia…). Aurton, gainera, domeka da. Ohikoa danez, goizeko bederatzietan ospatuko da meza nagusia, aurton, Carlos Olabarri lurraldeko bikarioa buru dala.
Alkareari buruz
Gaur egun, klaratarren Durangoko alkartean 69 eta 98 urte bitarteko 10 monja dagoz, batez besteko adina 85 urtekoa dalarik. Herriagaz lotura estua dauan eta Tabira Pastoral Barrutian konprometituta dagoan alkartea da.
Dozena bat inguru komentu eta monasterio izandakoa da Durango eta, gaur egun, hauxe da herrian dagoan alkarte erlijioso bakarra.






