25.09.2026

Durangoko klaratarrek San Frantziskoren heriotzaren 800. urteurrena ospatuko dabe

Asisko San Frantzisko hiru ordena frantziskotarren (Anai Txikiak, Klaratarrak eta Frantziskotar Hirugarrendarrak) sortzailearen heriotzaren 800. urteurrena dala-eta, Eleizak frantziskotar jubileu urtea ospatzen dihardu 2026ko urtarrilaren 10etik 2027ko urtarrilaren 10era.

Ospakizunak Durangon

Klaratarren Durangoko alkartetik askotariko jarduerak proposatu dabez datorren urriaren 3an (800. urteurrenaren eguna) eta 4an (santuaren eguna) ospatuko dan urteurreneko une gorenerako

Klaratarrak Durango

San Frantziskoren bederatziurrena:

Bederatzietako mezaren aurretik, klaratar monjek Asisko santuari buruzko otoitz eta gogoetak errezatu eta esango dabez txandaka, egunero, jaiegunaren aurreko 9 egunez, irailaren 25etik urriaren 3ra.

Berbaldia Asisko San Frantziskori buruz

Urriaren 1ean, 19:00etan, berbaldia izango da San Frantziskok Eleizan izan eban garrantzia ezagutzera emoteko. Jose Antonio Urdampilleta frantziskotarrak “Anaia Frantzisko ezagutzen” goiburuaren haritik jardungo dau eta, ostean, 20:00etan bertaratutakoek monjakaz batera bezperak errezatzeko eta kantatzeko aukera izango dabe.

Klaratarrak Durango

San Frantziskoren iragaitzaren ospakizuna

Aurton bada barritasun bat: San Frantziskoren eguneko lehenengo bezperak errezatu eta kantatu ondoren, San Frantziskoren bizitzako azken uneak gogoratuko dira. Klaratarrek eurek zuzenduko dabe, inguruko parrokietako boluntarioen laguntzagaz.

Klaratarrak Durango

Meza Nagusia

Urriaren 4an, Asisko San Frantzisko eguna ospatuko da. Egun berezia, monasterio inguruko errealitate guztientzat (herria, eleiztarrak, ikastetxea, pastoral barrutia…). Aurton, gainera, domeka da. Ohikoa danez, goizeko bederatzietan ospatuko da meza nagusia, aurton, Carlos Olabarri lurraldeko bikarioa buru dala.

Alkareari buruz

Gaur egun, klaratarren Durangoko alkartean 69 eta 98 urte bitarteko 10 monja dagoz, batez besteko adina 85 urtekoa dalarik. Herriagaz lotura estua dauan eta Tabira Pastoral Barrutian konprometituta dagoan alkartea da. 

Dozena bat inguru komentu eta monasterio izandakoa da Durango eta, gaur egun, hauxe da herrian dagoan alkarte erlijioso bakarra.

Klaratarrak Durango

Hemen argitaratuta: Lehenengo Orrialdea

Honan etiketatuta: