29.10.2026

Gordexolako ordezkaritza Francisco Beraskola dohatsu autortuko daben eleizkizunean, EEBBetan

Fray Francisco de Beraskola, Gordexolako semea dohatsu autortuko dabe etzi -urriak 31, zapatua-, beste 4 martiri frantziskotarrakaz batera, Savannah eleizbarrutian (Georgia - EEBB). Kerman Lopez eleizbarrutiko bikario nagusiak, kurtso honetara arte Gordexolako parroko izan dan Ernesto Bilbaok eta parrokiako bost lagunek parte hartuko dabe eleizkizunean.

Bizkaiko ordezkaritza Georgiara (Estatu Batuak) joan da Gordexolako kristau alkarteak irrikaz itxaroten dauan ume berezia bizitzera. Datorren zapatuz, urriak 31, goizeko 11:00etan (hango ordua), Fray Pedro de Corpa eta bere lau kide martiriak, tartean, Francisco de Beraskola Gordexolako semea, dohatsu autortuko dabez. 

Kerman Lopez bikario nagusia buru, ordezkaritza joan da Bilboko eleizbarrutitik Estatu Batuetara. 

Nazinoarteko hitzordua

Handik jakinarazo dabenez, eleizkizunean parte hartzeko interesak aurreikuspen guztiak gainditu ditu. Meza, azkenean, konbentzinoetarako zentroko leku handiagoan ospatuko da, hain zuzen be 12.000 lagun inguru batu daitekezan lekuan, hasiera baten, 2.000 lagun batzeko ustea izan bazan be. Estatu Batuetako eta Espainiako katoliko askok agertu dau Eukaristian parte hartzeko asmoa eta horregaitik aldatu da kokapena.

Seigarren beatifikazinoa izango da Estatu Batuetan eta lehenengoa Georgian, hain zuzen be Asisko San Frantziskoren Jubileu Urtean, bere heriotzaren 800. urteurrenean.

Lau egunetarako egitaraua

Beatifikazinoa Stephen D. Parkes buru dauan Savannah eleizbarrutiak antolatutako ekitaldien barruan izango da. Gaur emongo jake hasiera jarduerei mezagaz eta San Katalina irlan ospatuko dan bazkariagaz.

Francisco de Beraskola

Francisco de Beraskola eta Saez de Castañiza Gordexolako Beraskola auzoan jaio zan 1564ko otsailaren 13an. Hogeta hamaika urte ebazala, misiolari lez joan zan Floridara eta bertan Asaoko Santo Domingo irla -gaur egun St. Simons Island- ebanjelizatu eban eta kristau ezkontzaren defendatzaile sutsu lez nabarmendu zan. Martiri hil zan 1597ko irailaren 18an, Pefro de Corpa, Blas Rodriguez de Cuacos, Miguel de Añon eta Antonio de Badajoz anai frantziskotarrakaz batera. Kristau ezkontzaren doktrinaren predikuaren aurkako jarrerek eragin eben bere martiritza.

Aspaldiko debozinoa

Gordexolako frantziskotarraren kausa aspaldikoa da. 1947ko irailaren 21ean, Gordexolak frantziskotar hau dohatsu autortzearen aldeko mobimentua bultzatu eban eta Ipar Amerikako gotzainek bat egin eben jarduera horregaz 1954an. 2025eko urtarrilaren 27an, bost fraileen martiritza autortzen dauan dekretua aldarrikatzeko baimena emon zan.


Ospakizuna uztailean

Gordexolan, debozino handia deutsoe Beaskolari. Bera jaio zan baserrian kapera bat dago orain be eta urtero ospatzen da meza bertan maiatzean, eta bateatu eben parrokian bere oroimenezko plaka dago jarrita. Uztailean, Belaskorarenganako jaieradunak Beraskola auzoko landetara igo ziran urtero lez berari eskeinitako ermitan esker oneko Eukaristia ospatzeko eta, ostean, alkarregaz kopau bat hartzeko.


Misiolari bizkaitar hau dohatsu autortuz, autorpena egingo jako Barri Ona zabaltzen aritu zan gizonari.

Lenenengo “futbolari” bizkaitarra? hemen

Eukaristia Francisco de Beraskola frantziskotar dohatsuaren omenez, bere izena daukan auzoan